Arartekoa: "Elkarrizketa da irtenbidea bilatzeko modu bakarra"
Arartekoa Hondarribian, alardean izango da igandean. Elkarrizketaren bidean sakontzeko eskatu du, eta hura ere prest dago horretan laguntzeko.
Manuel Lezertua Arartekoak konfirmatu du igandean Hondarribian izango dela, alardean. Nabarmendu du beharrezkoa dela tira-birarik gabeko elkarrizketa soziala sortzea alardearen inguruan, “elkarrizketa da irtenbidea bilatzeko modu bakarra”. Arartekoaren ustez, beraz, elkarrizketak ekarriko du “bizikidetza hausten duten gorabeherak amaitzea”. Lezertuak espero du igandean “fede oneko hondarribiar guztiek lagunduko dutela ekitaldi horretako parte hartzaile guztiek bete-betean goza dezaten ospakizunaz”, eta errespetatuko dutela “pertsona guztiei dagozkien eskubideak eta askatasunak erabateko askatasunez baliatzea”.
Arartekoak nabarmendu du “batez ere Jaizkibel konpainiako kideen ahaleginari esker emakumeek eta gizonek alardean parte hartzeko” espazioa dutela, baina iazko istiluek kezka sortu zutela gizartean, “eta orokortu egin zen irtenbidea emateko deia. Euskal gizartea bezalako gizarte demokratiko eta aurreratu batean nagusitu behar duten oinarrizko arauak errespetatzen direla bermatzeko”.
Aurten alardean gaiaz abiatu diren elkarrizketek “tamalez” ez dutela arrakastarik izan esan du Lezertuak, “hala ere, babesa ematen diet elkarrizketa eta elkarrekiko konfiantza sustatzen duten proposamenei, eta prest nago horrelakoak eskura jartzeko edo bultzatzeko beharrezkotzat jotzen bada”.