[Galeria] Saretzen hasi dira
Gazte Eguna ospatzen ari dira Hondarribiko gazteak. Jai giroan ari dira, gozatzen eta aldi berean, saretzen baita haien arteko harremana sustatzen ere, hori baita Gazte Egunaren helburua.
Gazte Eguna ospatzen ari dira Hondarribiko gazteak. Jai giroan ari dira, gozatzen eta aldi berean, saretzen, baita haien arteko harremana sustatzen ere, hori baita Gazte Egunaren helburua. Ez bakarra, ordea, gazteen artean euskara sustatu eta jai eredu alternatiboa ere eraiki nahi dute.
12:00etan zuten hitzordua egina txupina jaurti eta Gazte Eguna hasteko, baina ordu erdi atzeratzea erabaki dute, ahalik eta gazte gehien batzeko. 12:30ean egin du eztanda suziriak gaztetxe parean, eta bertsoek hartu dute lekukoa. Pregoi-parodia ere ez da falta izan. Gaztetxeko balkoi banatan aritu dira mozorro eta guzti bi gazte, eta kalean bertso poteoari ekiteko zain zirenen barreak eta txaloak eragin dituzte.
Bertso poteoak Zumardian zuen helmuga. Bertan ordu hauetan 200 gaztetik gora bilduta izango dira bazkaltzen. Sarrera horiek jarri zituzten salgai, eta berehala agortu. Patxi Muñoz Gazte Egunaren antolatzaileetako bat pozik azaldu da erantzunarekin, “badakigu beste asko, gainera, penetan gelditu direla txartela lortu ez dutelako eta azaltzeko asmoa dutela”. Giro paregabea espero dutela gehitu du gazteak, “gaztetxeak berraktibazioa suposatu du, eta aurten indartsuago dator Gazte Eguna”.
Bazkalostean sareak josten jarraitzeko hainbat jolas antolatu dituzte, eta musika ere ez da faltako.