Txupina jaurti eta jaiei hasiera emango diete herriko gazteek biharkoan
2019ko Gazte Eguna iritsi da azkenean. Eguerdian ekingo diote gazteek txupina jaurtiketa eta pregoiaren irakurketari, aurtengoan gainera lehen aldiz, gaztetxea izango da egunaren abiapuntua.
Hondarribiko 2019ko Jai Nagusiak hastear dira eta urtero egin ohi den moduan Gazte Eguna izango da jaien abiapuntua markatuko duen lehen jaialdia. Gazte kuadrilla ezberdinen artean harremana sortzea da egun honen helburua eta era horretan, urtean behin bada ere, denontzako espazio bat sortzen laguntzea. Dirudienez, egun honen zain zeuden herriko gazteak, bazkariko 200 txartelak berehala saldu baitira.
Lehenik eta behin, jaialdiaren irekiera egingo dute gazteek. Pregoia irakurtzearekin batera txupina jaurtiko dute lehenengo eta behin gaztetxean bertan. Ondoren, Alde Zaharrean zehar bertsopoteo txiki bat egingo dutela azaldu du Urko Iridoy gaztetxeko kideak. Hiru bertsolarik parte hartuko dute poteo musikatuan, nahiz eta bihar arte itxaron beharko den zeintzuk izango diren jakiteko.
Harresi barruko kaleak girotu ondotik, Zumardira abiatuko dira lagun taldeak, bertan izango baitira gainontzeko jarduerak; baita bazkaria ere. Aipatu bezala, 200 lagunek parte hartuko dute gazte bazkarian, hala adostu baitute udalarekin. Dagoeneko ez da txartelik gelditzen, oso azkar saldu zituztelako guzti-guztiak. Iridoyk adierazitakoaren arabera, bazkariaren ondotik jolas batzuk antolatu dituzte, eta horiek amaitutakoan, musikari helduko diote gazteek. Gaueko 01:00era arte luzatuko da gutxi gorabehera gazte jaialdia.
Elkartzeko aitzakia
“Hondarribiko Gazte Eguna Hondarribiko gazte guztiak elkartzeko” festa dela adierazi du Iridoyk. “Gaztetxea bezala, egun hau ere Hondarribiko gazte kuadrillak elkartzeko aitzakia eta gunea” dela dio antolatzaileak, “urtean zehar bakoitza bere kuadrillarekin elkartzen baita eta ez dago denak elkartzeko ohitura hori”. Horiek horrela, bazkaria, jolasak, musika eta gainontzeko jarduerek hitzordu paregabea osatzen dute gazteen arteko sarea sendotzeko.
Hori guztia dela eta, bazkarirako txartelik gabe gelditu diren guztiei zuzendu nahi izan zaie Iridoy, eta kontzertuetara gerturatzeko dei egin die. “Horretarako ez da sarrerarik behar”, adierazi du, “azkenean, gazte guztiak hurbiltzea da guk nahi duguna”.
Gazteen eguna izango da, beraz, biharkoa, haien arteko harremana sustatzeko eta saretzeko helburuarekin antolatuta. Ahalik eta jende gehien hurbiltzea eta ondo pasatzeko tarteak sortzea nahi dute, beraz, antolatzaileek. Gazteen artean harreman berriak sortzeko gunea eskura izango dute bihar herriko gazteek eta horregatik, ahalik eta jende gehien parte hartzera dei