Musika bandak jasoko du Urrezko Domina
Bandaren sorreraren 200. urteurrena eta bi mende hauetan zehar izandako "eragin sozial handia" izan dira erabakiaren arrazoi nagusiak.
Hondarribia Hiria Musika Bandak 2019. urteko Urrezko Domina jasoko du datorren larunbatean, hilaren 7an. Banda sortu zela 200 urte bete dira aurten eta Txomin Sagarzazuren hitzetan denbora honetan “eragin sozial handia” izan du taldeak. Hala, ezinbestekotzat jo du bandaren presentzia herri bizitzan, “maila sozial zein kulturalean”.
Udaletik azaldu dutenez, musika bandaren sorrera 1819an kokatuta dago. Musika akademia bat sortzeko eskaria helarazi zioten hainbat herritarrek udalari. Geroztik, alkatearen arabera “musika ikasketak sustatu ditu” eta hainbat belaunaldiri “musikazaletasuna praktikan jartzeko aukera paregabea eskaini die”.
Dominaren entrega datorren irailaren 7an egingo du udalak udaletxeko areto nagusian antolatutako ekitaldian, 12:15ean abiatuta.