Alkatea Jaizkibel konpainiako ordezkariekin bildu da gaur
Txomin Sagarzazuk "lasaitasuna" lortze aldera egin zuela proposamena esan die konpainia parekidekoei; Bozeramaileen Batzordeak bestalde, elkarrizketari babesa agertu dio.
Jaizkibel konpainiaren ibilbidea orduz aldatzeko Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak aste honen hasieran egindako proposamenak hautsak harrotu ditu. Komunikabideen aurrean egindako adierazpenak izan ziren Sagarzazurenak, eta horren inguruko azalpenak eman ditu gaur arratsaldean Jaizkibel konpainia parekideko kideekin udaletxean egindako bileran. “Lasaitasuna” lortzeko modu bat izan zitekeela adierazi die Jaizkibelekoei Sagarzazuk, eta dirudienez, “ezer berri gutxi” gaineratu du alkateak bileran zehar Izaskun Larruskain kapitain ohiak eta alardeko kideak esandakoaren arabera.
Orain, konpainia parekideari balorazio berri bat egitea egokitu zaio. Bihar arratsaldean bilduko dira horretarako. Gainera, alkatearen adierazpenak bere horretan utzi eta beste puntu batean jarri nahi dutela indarra dio Larruskainek: elkarrizketan.
Elkarrizketari babesa
Jaizkibel konpainiako kide Larruskainek argi nabarmendu nahi izan du elkarrizketaren garrantzia, eta esandakoaren arabera, alkateak berak ere elkarrizketa prozesu horren aldeko jarrera agertu du gaurko bilkuran. “Garrantzia elkarrizketak daukala uste dugu, bai berak bai guk, elkarrizketak izan behar duela bidea pentsatzen jarraitzen dugu eta horretan jarri behar dugu indarra”, azaldu du Larruskainek. Izan ere, Hondarribiko Udalak bozeramaileen bilera egin zuen atzo, eta alkateak konpainia parekideko kideei esan zienez, ordezkari politiko guztiak elkarrizketaren aldeko jarrera erakutsi zuten. Horiek horrela, elkarrizketari babes instituzionala ematea aurrerapausotzat jo du kapitain ohiak. “Oso inportantea dela uste dugu, hori da bidea guretzako” baloratu du. Azken finean, irailaren 8a “ahalik eta lasaien” eta “errespetuz” pasatzea nahi dutela dio. Horrez gain, “elkarrizketaren indarra” nabarmendu nahi izan du.