Guadalupeko Igoerak 43. ekitaldia beteko du larunbatean
Guadalupeko Igoera 18:00etan hasiko da Jostaldi pilotaleku ondotik. Aurretik, haurren eta gaztetxoen lasterketak egingo dituzte.

Hondarribiko jaien atarian, lasterka egitera, maldan gora gainera. Larunbatean, Guadalupeko Igoeraren 43. ekitaldia egingo dute, Bidasoa Atletismo Taldeak antolatua. 4,7 kilometroko lasterketa 18:00etan abiatuko da Jostaldi pilotaleku ondotik. Helmuga, jakina, Guadalupen.
Aldez aurretik izena emateko aukera Kirolprobak plataformaren webgunean dago, ostiraleko 20:00ak arte (12 euro). Larunbatean bertan ere eman daiteke izena, baina poltsikoa gehiago astinduz, 16 euroko prezioa baitu egunean hartutako dortsalak (Jostaldin). Proban bakarkako eta taldekako sariak banatuko dituzte (izena ematerakoan zehaztu behar da).
Lasterketaren ondoren, sari banaketa egingo dute Guadalupen. Indarrak berreskuratzeko aukera ere izango dute korrikalariek. Iaz, Chakib Lachgar errenteriarra gizonetan eta Sandra Piera irundarra emakumeetan izan ziren garaile.
Nagusien lasterketaz gain, 16:00etatik aurrera haurrenak egingo dituzte harresien inguruan. Orotara, mailaka, 13 lasterketa egingo dituzte. Horietan izena emateko aukera Kirolprobak-en bidez dago zabalik. Lasterketa txikietarako dortsalak 15:00etatik 16:00etara jaso behar dira. Hemen txikien lasterketaren araudia, informazio osoarekin (PDF artxiboa da).