'Ametsetan' argazkiak jaso du lehiaketaren lehen saria
2019ko Jai Nagusietako Argazki Lehiaketaren irabazlea aukeratu du dagoeneko epaimahaiak eta aurtengoan, Iñigo Alzugarayren Ametsetan lana suertatu da garaile. Omar Igual argazkilariaren Balcón marinero (Arrantzale balkoia) irudiak eskuratu du bigarren saria eta Oscar Gasconen Etxenagusia Margolari kalea-k hirugarrena.
Maria Serrano eta Kalixa Silanes zinegotziez gain, Estitxu Ortolaiz, Floren Portu eta Mikel Etxeberria argazkilariek osatu dute epaimahaia. Denera, 52 argazkien artean aukeratu behar izan dute, horiek aztertu eta erabilitako teknikak baloratu ondoren.
Udaletik jakinarazi dutenez, sari banaketa larunbatean izango da udaletxeko Areto Nagusian.