Euskara Arloko diru laguntzak eskatzeko epea, irailaren 15era arte zabalik
Euskara sustatzearen alde lan egindako elkarte, eragile eta herritar ezberdinek eskatu ahal izango dituzte diru laguntzak.
Hondarribiko Udalaren Euskara Arloak argitaratutako diru laguntzak eskatzeko aukera hilaren 15era arte irekita egongo da. Euskararen erabileraren alde lan egiten duten elkarte, eskola eta herritarrei zuzendutako laguntza ekonomikoak dira eta Euskara Batzordeak erabakiko du horien gainean.
Denera, 27.600 euro bideratuko ditu Euskara Arloak diru laguntzetara. Departamentutik adierazi dutenez, ondokoek eskatu ahal izango dute laguntza: udako ikastaroak antolatzen dituzten ikastetxeak (9.800 euro), euskara sustatzeko jarduerak antolatu dituzten talde edo elkarteak (7.000 euro), euskarazko barnetegi edo ikastaroetan egondako herritarrak (7.000 euro), kanpoko errotulazioa euskaratutako saltokiak (1.800 euro) eta webgunea euskaratu dutenak (2.000 euro).