Alardeko ordutegiak aldatzea proposatu du Hondarribiko alkateak
Jaizkibel konpainiak ez du aldaketa proposamenaren berririk zuzenean jaso. Are gehiago, iazko ordutegi berberarekin desfilatzeko baimena du.
Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak proposatu du alardeko konpainia ez parekideen desfilea orduz aurreratzea, eta Jaizkibel konpainiarena ondoren egitea, Kale Nagusian bat egin ez dezaten konpainia guztiek, beraz, jarraitzaileek. “Udalak ez du nahi iazko irudiak errepikatzea. Denontzat alardea atseginagoa izan dadin da proposamena”. Erabakiak aste honetan bertan hartuko dituztela jakinarazi du alkateak. “Lekuan ezinezkoa da kontzidetziarik ez izatea; denboran ez kointziditzeak lagundu egingo luke”, zehaztu du Sagarzazuk.
Irailaren 8ko 07:55an aterako lirateke konpainia ez parekideak, eta haiek bidea eginda, Jaizkibelen txanda litzateke betiere alkatearen proposamenaren arabera. Hau da, alardean soldadu bezala emakumeak onartzen ez dituzten konpainien jarraitzaileek, Jaizkibel konpainia paretik pasatzen ez ikustea da alkatearen proposamenaren helburua.
Adierazpenak gaur goizean egin den jaien egitarauaren aurkezpenean egin ditu Sagarzazuk. HITZAk eitb.eus webgunetik jaso ditu adierazpenak.
HITZA Jaizkibel konpainiako kide Izaskun Larruskainekin hitz egin du, adierazpen horien harira. “Ez dugu ezeren berri jaso. Telebistaren bitartez dakigu zein den alkatearen asmoa, eta momentuz, ezin dugu baloraziorik egin, ez baitakigu zein den proposamena ere”. Edonola ere, asteazkenean elkartuko direla jakinarazi du Larruskainek, “denbora honetan proposamena jasotzen badugu balorazioa eskainiko dugu, bestela denon artean ikusi beharko dugu zer egin. Hala ere, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren baimena jaso dugu dagoeneko, betiko orduan ateratzeko, beraz, ebazpena esku artean dugu jada”. Baimen hori udalari bitan eskatua ziotela zehazte dute konpainiako kideek.
Konpainiak, bere Twitter kontuaren bitartez, adierazi du ez zaioa egokia iruditu alkateak hedabideak erabiltzea proposamena zabaltzeko, “gurekin zuzenean hitz egin gabe”. Gainera, udalari gogorarazi diote elkarrizketarako prest jarraitzen dutela, “gogorarazi nahi diogu Hondarribiko Udalari prest gaudela proposamen serio eta zintzo bat entzuteko eta elkarrizketaren premia azpimarratzen jarraitzen dugula”.
Aldi berean, 2019an bi elkarrizketa prozesu abian jarri direla adierazi du konpainiak, “biak zapuztu dira. Gure ustez elkarrizketa da bidea, baina garbi dago Jenny Pearcek zioen bezala horretarako testuingurua ez dela ematen, batzuk ez baitaude prestatuak, eta gure ustez alkateak bere jokaerarekin hori erakutsi baitu”.
Hondarribiko Emakumeak kolektiboko kideek alkatearen proposamena ontzat eman dute.