Irunen ere G7-aren goi bilerari 'ez' esango diote
G7 gailurreko kideek Miarritzen egingo duten goi bileraren kontragailurra antolatu du G7 Ez plataformak. Irun eta Hendaian jarduera ugari egingo dituzte.
G7 Ez plataformak, “kapitalismo basatiari ez esateko”, G7 gailurreko kideek Miarritzen egingo duten goi bileraren kontragailurra antolatu dute abuztuaren 19tik 23ra bitarte. Euskal Herriko 49 eragilek egin dute bat egitasmoarekin, alderdi, eragile eta sindikatu ugarik. Atzo aurkeztu zuten bost egunetarako antolatu duten egitaraua, eragile guztiek atzo Irungo Ficoba erakustazokan egindako agerraldi bateratuan.
Irun eta Hendaia izango dira egitasmoaren agertoki nagusiak, eragileek esan bezala, “mugarik ez dagoen baina muga gisa funtzionatzen duen tokia” baita. Kontragailurraren helburua, Euskal Herriko eta nazioarteko herri eragileen eta alternatiben topagune izatea da. Eta horretarako, Irun eta Hendaiako zenbait gunetan konferentziak, hitzaldiak, tailerrak eta ekintza kultural ugari egingo dituzte.
Jardunaldiez gain, mobilizazioak ere iragarri dituzte eragileek. Lehena datorren larunbatean (hilak 13) izango da, Miaritzen. Hurrengoa aldiz, abuztuaren 24an izango da; manifestazioa egingo dute Hendaiako kaleetan barrena.
Datozen asteotan emango dute Irun zein Hendaian abuztuaren 19tik 23ra bitarte egingo dituzten jardueren berri, xehetasun guztiekin.