Ortzadarra atera da gaur udaletxeko balkoian
LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira adierazpen instituzionala onartu dute talde politikoek. Egun osoz, ortzadarraren bandera zintzilik egongo da udaletxeko balkoian (5x3 metrokoa).
LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Irungo Udaleko zenbait talde politikok adierazpen instituzionala onartu berri dute. Egun osoz, ortzadarraren bandera zintzilikatuko dute udaletxeko balkoian (5×3 metrokoa) eta gaur gauetik bihar goizera bitarte kolore horiekin apainduko dute horma. Era berean, Gehitu elkartearekin elkarlanean, Urdanibia plazan postu bat jarriko dute, informazio, txapa eta kamiseta ugarirekin.
Ondorengoa da PSE-EE, EAJ, Elkarrekin Podemos eta PP taldeek onartu duten adierazpena:
1978ko abenduaren 6an, Konstituzioak etapa baten hasiera markatu zuen, zeinetan botere publikoek askatasun eta berdintasun indibiduala egiazkoak eta benetakoak izateko baldintzak sustatu behar dituzten jaiotzan, arrazan, sexuan, erlijioan, iritzian edo beste edozein ezaugarri edo zirkunstantzia pertsonal edo sozialetan oinarritutako inongo diskriminaziok iraun ez dezan. Hogei egun geroago, 1978ko abenduaren 26an, homosexualitateak delitu izateari utzi zion.
Duela 40 urte, 1979ko urtarrilaren 11ko EAOko argitalpen baten bidez, homosexualitateak legez kanpokoa izateari utzi zion, eta, hilabete geroago, beren kondizio sexuala eta genero kondizioa zirela-eta kartzelatutako pertsonak espetxetik irteten hasi ziren. Horrela, amaiera eman zitzaien hamarkadetako mespretxu, umiliazio, kartzelatze eta kriminalizazioari. Alabaina, LGBTIQ pertsonen kontrako jazarpenak iraun egin zuen, Eskandalu Publikoko Legearen bidez, zeina 1983an aldatu eta 1989an indargabetu zen.
Bestalde, aurten, 1969ko ekainaren 28ko goizaldean Stonewall Inn tabernan (New Yorken) gertatu ziren istiluen 50. urteurrena da. Hain zuzen ere, egun hartan gertatutakoarengatik ospatzen da ekainaren 28an LGBTI komunitatearen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna, komunitate horren eskubideak eta aniztasunean oinarritutako elkarbizitza aldarrikatzeko, orain arteko lorpenak ospatzeko eta oraindik lortzeko dauden eskubideak nabarmentzeko.
ILGA International Lesbian, Gay, Bisexual, Trans and Intersex Association elkarteak Estatu mailako homofobia 2019 txostenean dioenez, 70 herrialdek kriminalizatu egiten dituzte oraindik ere sexu bereko pertsonen arteko sexu harremanak, eta horietako hamaikak, heriotza zigorraz zehatzen. Gainera, LGBTI komunitateak ezin konta ahala gorroto krimeni eta oinarrizko eskubideen urraketa larriei aurre egin behar die beste hainbat herrialdetan.Kontuan izan beharra dago gurean ere oraindik bizirik dirautela oinarrian sexu eta genero aniztasunaren kontrako intolerantzia duten gertakariek; horren adierazgarri, Barne Ministerioak eta Eraberean Tratu Berdintasunaren aldeko eta Diskriminazioaren aurkako Sareak gorroto delituei buruz argitaratutako txostenetako datuak eta Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 2018an Euskadiko gorroto gertakariei buruz argitaratutako txostena.
Horregatik guztiagatik, adierazpen honen bidez, ekainaren 28an Lesbianen, Gayen, Bisexualen, Transexualen eta Intersexualen Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela-eta, zera adierazten du Irungo Udalak
1. Giza eskubideen unibertsaltasun printzipioarekiko konpromisoa adierazten du, eta ez du onartzen nolanahiko balio ideologiko, kultural, tradizional edo erlijiosoak baliatzea nolanahiko diskriminazioa justifikatzeko.
2. Oinarrian sexu orientazioa edo genero identitatea duen nolanahiko indarkeria gaitzesten du, indartsu gaitzetsi ere: indarkeria fisikoa, ahozkoa, umiliazioa eta mespretxua.3. LGBTIQ pertsonen oinarrizko eskubideak babesteko Europa mailako zenbait urtetarako politika bat prestatzeko eta aplikatzeko eskatzen du, arreta berezia jartzen duena oinarrian sexu orientazioa edo genero identitatea duen askotariko diskriminazioan eta indarkerian.
4. Berdintasunaren, giza eskubideen eta LGBTIQ pertsonen oinarrizko eskubideen sustapenaren eta babesaren alde lan egiten duten hirugarren sektoreko antolakundeek egin duten eta egiten ari diren ekarpena, lana eta ahalegina aitortzen du.
5. Ekainaren 28an udaletxeko fatxada nagusian ortzadarraren bandera jartzea eta ekainaren 28tik 29ra bitarteko gauean fatxada ortzadarraren banderaren koloreez argitzea erabaki du.
6. Ekainaren 28an Urdanibia plazaren inguruan LGBTIQ komunitateaz sentsibilizatzeko materialak banatzeko stand bat jartzea erabaki du.