Maite Bergara: «Egoera lasaitu arren, oraindik ere batzuek bizkarra ematen digute»
Orain dela 12 urte erabaki zuen irundarrak alarde ez baztertzailean lehen aldiz parte hartzea. Aurten lehenengoz zaldi gainetik egingo du desfilea, jeneral gisa.
Aurten lehen aldiz jeneral bezala desfilatuko duzu. Nola jaso duzu albistea?
Sorpresa izugarria izan da, ilusio handiarekin nago. Ez nuen espero, aurten berez komandante izatea tokatzen zitzaidan, baina oso kontent nago zaldi gainera igotzearekin.
Orain arte nola desfilatu ohi izan duzu?
Denetarik egin dut, oinez hasi nintzen Bidasoa konpainian txilibituarekin. Gero, erredoblearekin, artillerian eta zalditerian irten naiz. Toki asko ukitu ditut, gogoz nago hau probatzeko.
Noiz hartu zenuen parte lehen aldiz alarde parekidean?
Asko kostatu zitzaidan, egia esan. Nire inguruan dagoen jendea ez da alarde parekidearen aldekoa, gauzak aldatzen ari diren arren. Baina hasieran ez, orduan asko kostatu zitzaidan pauso hori ematea. 35 urterekin erabaki nuen, urte biribila izatea nahi nuen, eta ausartu egin nintzen. Orain esan dezaket harro baino harroago nagoela parekidean desfilatzearekin.
Nola gogoratzen duzu lehen egun hura?
Benetan egun oso bitxia izan zen. Oso urduri nengoen, egia esan ez nuen gehiegi gozatu. Gero San Juan plazara iristean pixka bat lasaitzen hasi nintzen, orduan hasi nintzen benetan gozatzen. Arrankadan zeharo urduri nengoen, oso kezkatuta ea zer gerta zitekeen, eta azkenean ez zen ezer ere gertatu. Soilik txaloak jaso genituen. Polita izan zen, oso, beti gogoan izango dudan eguna izan zen.
Ordutik, asko aldatu da?
Bai, gaur egun are politagoa da, askoz ere lasaiago dago gaia. Gauzak aldatzen ari dira eta aldatuko dira. Nire ustez arrazoia dugu, emakumeek zein gizonek gauza berak egin ditzakegu, eta festetan ere bai. Urteekin erakutsi dugu nolakoak garen, zer egin nahi dugun eta jendeak hori ikusten du. Beldur hori jende askori kendu zaio, gero eta jende gehiago dago gure alde, edo gutxienez ez dago bizkarra ematen. Hori ez da gutxi Irunen.
Halere, oraindik bizkarra ematen dutenak geratzen dira?
Bai, azken urteotan giroa nahiko lasai egon arren, oraindik ere batzuek bizkarra ematen digute. Gero eta gutxiago dira, baina egiten dute. Entseguetan ez dut gehiegirik ikusi eta horrek alaitu nau. Ziur aski 30ean egingo dutela, iruditzen zait gehiegizko interpretazioa egiten dutela askok. Gustatzen ez bazaizu, ez duzu zertan agerian utzi behar. Ez dakit nori esaten dioten oihukatzen duten hori guztia.
Egoera erabat egokia izan ez arren, azken urteetan gero eta irundar gehiagok parekidean egoteko hautua egiten dute.
Zalantzarik gabe, entseguetan hala erakusten ari dira. Emakumezkoen ilarak eta ilarak daude. Ez dugu bilatu hori, baina horrela da. Mutilek erabakitzeko aukera dute, eta guk ordea ezin dugu bien artean aukeratu. Pixkanaka handitzen ari gara, gorantz goaz.
Iaz alarde parekideak 20 urte bete zituen. Zenbat urte uste duzu behar direla alarde bakarra izateko?
Ez dakit, hori ziur ez dakit. Galdera hori agian alkate jaunari egin behar zaio, ardura hori berea da. Hitz egin behar da, hori da garrantzitsuena, ez egun hauetan bakarrik, urtean zehar baizik. Egun asko daude hitz egiteko eta saiatu behar gara hori egiten. Gu beti prest azaldu gara hitz egiteko baina ez dute nahi, ez dute ezer egiten. Garrantzitsuena elkarrizketak dira, hitz egitea, negoziatzea. Hori lortzeko, ez da pauso bat ere eman inoiz Irunen, ezinezkoa izan da orain arte.
Dena prest iganderako?
Bai, prest, gogoz, ilusio handiarekin gainera. Lantalde bikaina dugu, oso langilea. Hilabete ugari daramazkigu guztia antolatzen. Orain, nola ez, dena prest dugu. Egun polita izango da, berezia. Goizean goiz alborada jotzera etxera etorriko dira lehenengoz. Nire bikotekidea eta biok oso emozionatuta gaude. Urteko egun berezienetakoa izaten da, eta aurtengoa, gainera, are bereziagoa.
Mezuren bat parekidean parte hartzeko zalantza duten horientzat?
Gure babesa daukatela, hori ziur. Gainera, ez dugu ahaztu behar festa bat dela eta oso ondo pasatzen dugula. Lehenengo gauza alarde itxuroso eta polita egitea da, baina parean dago primeran pasatzea.