EH Bildu: "Alarde parekideak merezi duen aitorpena ematea eskatzen diogu udalari"
"Herriko kohesio soziala mehatxatzen duen egoera" konpontzeko beharra nabarmendu dute koalizio subiranistako kideek.
Alarde parekideari ere babesa adierazi nahi izan dio Irungo EH Bilduk. Hedabideei bidalitako oharrean, lehenik, herritar guztiei jaiak berdintasunean eta askatasunean gozatzeko mezua helarazi nahi izan diete eta bereziki koalizio subiranistatik zenbait eskaera zehatz egin dizkiote udalari.
“Tamalez, beste urte batez gure herriak bananduta biziko du ekainaren 30ean ospatzen dugun jai garrantzitsu hau”, diote taldetik. Aspaldi berdintasunaren aldeko apustua egin zutela gogoratu dute, eta bide horretan jarraituko dutela “denboran luzatu den arazoa konpondu arte”. Horretarako, udalari behingoz alarde parekideak “merezi duen aitorpena emateaz gain, bere esku dituen baliabide guztiak jartzeko” eskera egin diote. Taldearen lan programaren helburua alarde publikoa eta bakarra lortzea dela nabarmendu dute, “herriko kohesio soziala mehatxatzen duen egoera” konpontzeko. Ildo horretan lan egiteko konpromisoa hartu dute.
Alardea bizi eta sentitzeko 60.000 modu ezberdin daudela ulertzen dute taldekoek, haien hitzetan, aniztasuna defendatu eta balioan jartzen dutelako. Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiete berdintasuna lortzeko lan egiten duten eragile sozialei, eta bereziki alarde parekidea ahalbidetu duten guztiei.