Gaztetxean, 'Napardeath', zuzendariekin
Zonbien arratsaldea gaur Hondarribiko Gaztetxean. 19:00etan, Napardeath filmarekin izutzeko, edo barre egiteko aukera izango dute herritarrek. Gaztetxean da emanaldia, baina guneko kideen filosofiari jarraiki, herritar orori irekitako emanaldia da, espazioa bera bezala. 20:30ean, pintxo potea dago ostirala ganoraz ixten joateko.
Trilogia baten hirugarren, eta beraz, azken zatia da Napardeath. Trilogia kolaboratibo baten azken emaitza da, Beñat Iturriozek zuzendua, Katihotsak Logia Kultur Elkarteak ekoitzia. Bertan egongo da lanaren gidaria, zer, zergatik eta nola egin zuten azaltzeko. Napardeath-en aurretik, Ataun of the Death eta Joxean’s hil eben lanek abiatu zuten hiruko emaria. Denak, zonbienak.
Berria egunkarian trilogiaren gaineko informazio sakona eman zuten maiatzaren 4an.
Gaurkoaren sarrerako gisara, hemen Napardeath-en trailerra.