Labore Txingudiko kideak prest birfundazioari ekiteko
Udaratik aurrera hasiko duten prozesuaren helburua bazkide eta abalista gehiago lortzea da, baina baita ere etorkizunari begira Irungo erdigunean denda bat irekitzea.
Eskualdeko kontsumoa, ekoizpena eta elikadura eraldatzeko beste pauso bat eman berri du Labore Txingudik. Udaratik aurrera birfundazio prozesu batean sartuko direla jakinarazi dute gaur BDS Koop eraldaketa fabrikan eskaini duten agerraldian. Helburua, bazkide eta abalista gehiago lortzea da, baina baita ere etorkizunari begira Irungo erdigunean denda bat irekitzea.
Elkarteak azpiegiturak handitzeko erronkari ekingo dio. Orain arte Lakaxita gaztetxean zegoen denda kale mailako denda fisikoan bilakatu nahi dute. Gainera, egungo 80 bazkideak gainditzea eta 200 lortzea ere izango da erronka nagusia. Eta birfundazio hori errealitate bilakatzeko, Labore Txingudik mailegu bat eskatu duela jakiarazi dute gaur, Koop 57 kreditu kooperatibari hain zuzen ere. Hala, ekonomia eraldatzailearekin lotuta jarraitzeko asmoa berretsi dute.
Maileguaz gain, abalistak behar direla diote. Agroekologian lanean aritzen diren elkarteak jada abalistak dira, baina halere horiek nahikoak ez direla nabarmendu dute. “Laboreko kideek kalkulatzen dugunez, 30 abalista inguru beharko ditugu Laborek behar duen egitura gauzatzeko”.