"PSE-EE-ren xantaiaren aurrean", alkatetzara aurkezteari uko egin dio EAJ-k
Behin baino gehiagotan berretsi arren, Xabier Iridoy (EAJ) azkenean ez da alkatetzara aurkeztuko. "Oposizio demokratiko eta eraikitzailea" egiten jarraituko dute.
Behin baino gehiagotan berretsi arren, Xabier Iridoy (EAJ) ez da alkatetzara aurkeztuko. Hala jakinarazi du alkategaiak gaur bertan, hedabideei bidalitako ohar batean. PSE-EEK jeltzaleen hautagaitza aurkezteko erabakia “maltzurki” erabili ez dezan, eta Elkarrekin Podemos eta EH Bilduko zuzendaritza politikoek “jarrera ezkorra” dutela ikusita, bertan behera utzi dute hautagaitza aurkezteko asmoa. Oposizio demokratiko eta eraikitzailea egiten eta, batez ere, oraingoaren ordezko aukera garatzen jarraituko dutela nabarmendu du jeltzaleen bozeramaileak. “Egoera hori lehenbailehen gauza dadin izango da gure helburu politikoa, Irunen eta Euskadiren alde lan eginez beti”, gehitu du jeltzaleak.
“PSOEk euskal erakundeek egonkortasuna kolokan jartzeko egindako xantaiaren aurrean, EAJk arduraz jokatuko du”, adierazi du. Alkatearen aukeraketarako jeltzaleekin negoziaketa prozesua hasteko sozialistek baldintza bat jarri duela salatu dute: EAJk ez dezala Irungo alkatetzarako hautagairik aurkeztu. Hala, autokritikarik ez egitea leporatu diote Jose Antonio Santanori (PSE-EE), eta saihestu egin nahi izan duela bere erantzukizun politikoa, hauteskundeetako emaitza argudio bakarra dela adieraziz. “Ez nik ezta EAJko zinegotzi taldeak ere, ez diogu gure buruari horrenbesteko garrantzia ematen, eta ez dugu uste alkatea aukeratzeko nire hautagaitza proposatzeko gure erabakiaren mende dagoenik”. Beste behin Santanorekiko alderdi sozialistak duen “ahultasuna” nabarmendu du Iridoyk.