Ekonomia sozialaren jaialdia egingo dute ekainaren 6an
BDS Koop eraldaketa fabrikatik diotenez, azken urteotan eskualdean sortu diren enpresa ezberdinak saretu eta ikustarazteko festa izango da.
Bidasoaldeko Ekonomia Sozialaren jaialdia antolatu dute datorren ekainaren 6rako (osteguna). BDS Koop eraldaketa fabrikan izango da. Asmoa, orain arte Aixin Zoluko lokalean egindako lana ospatu eta azken urteotan eskualdean sortu diren enpresa ezberdinak saretu eta ikustaraztea da.
BDS Koop-eko kideek azaldu dutenez, hilabete dezente pasa dira eraldaketa fabrika sortu zutenetik, eta ordutik eskualdeko kooperatiba ezberdinak saretzeko lanean aritu direla. Azken bi urteotan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, eskualdeko ekonomia sozialeko enpresak mapeatu eta beraien arteko harremana sendotzea izan da eraldaketa fabrikako kideen zeregina. Bide horretan, 21 enpresa identifikatu dituzte, eta horiek 50 lanpostu inguru sortzen dituztela ondorioztatu dute.
Osteguneko jaialdia 17:30ean hasiko da. Bertan, 10-12 enpresa inguruk euren jarduna eta egunerokoa zein den aurkeztuko dute, honakoak: Ekonek, Bidasoa Km 0, Ara! Gorputz, Parean, LZB Arkitektura, Hiritik At, Bitamine Faktoria, Izarkom eta Bostok. Ondoren, DJ Psilocibinak arratsaldea alaituko du.