Xabier Iridoy: "Irunek behar duen aldaketaren buru izateko prest gaude"
Gobernu berri baten gidaritza hartzeko apustua berretsi dute jeltzaleek.
Aldaketaren gobernua gero eta hurbilago dago Irunen. Oposizioko hiru talde nagusiek (EAJ, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu) gehiengoa lor dezakete; hiru taldeen zinegotzien baturak 14 emango luke (13 da gehiengoa). Hortaz, badirudi 17 urteren ondoren Jose Antonio Santano aulkitik kentzeko aukera izango dela.
Atzo gauean Antxeta Irratiari egindako adierazpenetan, EAJko alkategai Xabier Iridoyk aldaketarako apustua berretsi zuen. “Momentu honetan Irunek behar duen aldaketaren buru izateko prest gaudela esan beharra dugu. Beti gure jarrera hori izan da, guztiekin hitz egitea”, dio jeltzaleak.