Irabazi arren, berriz ere gehiengorik gabe geratu da Santano
PSE-EEk hauteskundeak irabazi ditu, 2015ko zinegotzi kopuru berbera lortuz. Bigarren postua garbi eskuratu du EAJk eta Elkarrekin Podemosek ia 2.000 boto galdu ditu.
PSE-EE taldea izan da garaile aurtengo udal hauteskundeetan Irunen. 10 zinegotzi lortu ditu, 10.172 irundarren babesa jaso ostean. Bosgarrenez jarraian irabazi ditu hauteskundeak Jose Antonio Santanok, baina aurtengoan ere ez du gehiengoa (13 zinegotzi) eskuratu. 2015eko emaitzekin alderatuta, 767 boto gehiago jaso ditu taldeak.
EAJ izan da bigarren indarra. 2015ean baino ia bi mila boto gehiago lortu ditu Xabier Iridoy buru den hautagaitzak. Hala, bi zinegotzi gehiago eskuratu dituzte aurtengoan.
Gaueko kaltetuena Elkarrekin Podemos izan da. Aurreko udal hauteskundeetan jeltzaleek adina boto lortu arren, David Sotoren zerrendak ez du bigarren indarra izateko adina botorik jaso. 800 boto inguru galdu ditu.
EH Bilduren asmoetako bat zen laugarren zinegotzia lortzea, baina boto kopuru gehiago jaso arren (ia 500), hiru zinegotzirekin sartuko dira udalean. PPk aldiz, zinegotzi bakarra lortu du.
Aldaketa aukera
Aldaketaren gobernua inoiz baino gertuago dago. Hori da gaurko emaitzetatik atera daitekeen ondorioetako bat. Izan ere, EAJ, Elkarrekin Podemos eta EH Bildu ados jarriko balira, gehiengoa lortuko lukete. Azken hilabeteotan oposizioko hiru alderdien arteko sintonia erabatekoa izan da. Jeltzaleen eskuetan egongo da aldaketaren gobernuaren alde egitea ala 2015ean bezala PSE-EE babestea.
Hona, aurtengo boto eta hautetsi kopurua (parentesi artean 2015eko emaitzak):
- PSE-EE: 10.172 boto (9.405), 10 zinegotzi (10).
- EAJ: 7.073 boto (5.133), 7 zinegotzi (5).
- Elk. Podemos: 4.391 boto (5.106), 4 zinegotzi(5).
- EH Bildu: 3.939 boto (3.486), 3 zinegotzi (3).
- PP: 1.552 boto (2.196), 1 zinegotzi (2).
- Ciudadanos: 655 boto (1.022), 0 zinegotzi (0).
- Vox: 448 boto (0), 0 zinegotzi (0).