Lehen sektorea bultzatzea, EH Bilduren konpromisoetako bat
Bidasoa KM 0 egitasmoa eraikitzeko konpromisoa hartu du koalizioak. Bertako ekoizpena sustatu eta bertan kontsumitzeko kate ekonomikoak artikulatu nahi dituzte.
Irungo EH Bilduko alkategai Jokin Melidak eta zinegotzi eta zerrenda kide Joxe Cayetano Diezek agerraldia egin dute gaur Olaberria bailarako San Narciso jauregiaren ondoan. Bertan, udal hauteskundeetarako osatu duten programan ingurumenarekin zerikusia duten neurri eta proposamenak aurkeztu dituzte.
Lehenengo sektorea Irungo ekonomian dagoen sektorerik abandonatuena dela gogoratu dute bi kideek. “Azken 20 urteotan, sektore honetan aritzen diren irundarren kopurua erdira jaitsi da”, adierazi du Diezek. Egoera horren aurrean, “potentzialitate handia” duen sektorea bultzatzeko “proposamen irudimentsu eta berritzaileak” behar direla nabarmendu dute.
Bidasoa KM 0 egitasmoa eraikitzea. Hori da koalizio abertzaleak hartu duen lehen konpromisoa. Bertako ekoizpena sustatzea eta bertan kontsumitzeko kate ekonomikoak artikulatu nahi dituztela argitu dute. Horretarako, Bidasoa Bizirik agentziaren papera funtsezkoa izango da EH Bilduko kideentzat. “Berari dagokio ekoizleen arteko lankidetza bideratzea, ager daitezkeen ekoizle berriei bidea erraztea, Irungo jantoki publikoak, sukaldeak, banatzaileak edota komertzioak ekoizleekin harremanetan jartzea eta salmentarako estrategiak eta proposamenak ahalbideratzea, eta irundarrak produktu hauen onuraz sentsibilizatzea”.
Diezen arabera, proiektuak onura handiak ekarriko ditu, hala nola, elikagai sanoak, garaikoak eta bertakoak eskuratzeko aukera ahalbidetzea, ohitura osasuntsuagoak sustatuz. Hala, merkataritza harremanak justuagoak bermatuko dituztela diote, eta lehenengo sektorean lanpostu duinak sortzeko konpromisoa hartu dute.