Iridoy: "Irunen haur eta gazteentzako dauden zerbitzu eta jarduerak ez dira nahikoak"
Irungo haur eta gazteen ongizateari begira jeltzaleek zehaztu dituzten proposamenen berri eman du EAJko alkategai eta bozeramaileak.
Irungo EAJ taldeko alkategai Xabier Iridoyk agerraldia egin du gaur Bidasoa Institutuko plazan, hauteskunde programaren ildo estrategiko berri bat ezagutarazteko asmoz. Zehazki, haur eta gazteen ongizateari begira jeltzaleek zehaztu dituzten proposamenen berri eman du bozeramaileak.
“Haurtzaroa eta gazteria etorkizuna dira, gure etorkizuna, eta horregatik egun indarrean dauden zerbitzu eta jarduerak aztertu ondoren, Irunen gabezia bat dagoela ikusi dugu, ez dira nahikoak”, adierazi du Iridoyk. Hala, lehenik, haur eta gazteentzako udal politika guztiak planifikatzeko eta antolatzeko plan bat garatzeko konpromisoa hartu dute. Era berean, Gazte Plana izeneko Plan Estrategiko bat sortzeko beharra ikusi dute jeltzaleek. Bertan, udal politika guztiak antolatuko direla azaldu dute, eta horiei guztiei koherentzia emango diote, “pertsona horien benetako beharrizanetara, haien adinaren eta egoera, egokituz”.
Udalaren eta gazteriaren artean erakunde lotura falta dagoela nabarmendu dute, horregatik gazteentzako erreferentzia gune bat sortzeko beharra nabarmendu du alkategaiak. Hala, Irun Gazte Plana 2019-2025 egiteko konpromisoa hartu dute. Horrez gain, bi haurtxoko/ludoteka berri sortzea (San Miguel Pinarren bat eta Behobia 54 poligonoan bestea), eskolaz kanpoko jarduerei laguntza handitzea, ikastetxeetako jardueren hezkuntza gida sortzea, Irungo Gazte Kontseilua sortzea, gazteen eta nagusien arteko bizikidetza programak bultzatzea edota Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programa sustatzea bezalako proposamenak egin dituzte gaur.