Bertan behera utzi behar izan du Antxeta Irratiak Irungo euskarazko eztabaida ireki bakarra
Irungo udalean ordezkaritza duten alderdi politiko gehienetako alkategaiek (Elkarrekin Podemos, EAJ, EH Bildu eta PP) gonbidapena onartu dutela diote, baina PSE-EEko alkategai Jose Antonio Santanok ez du baieztatu debatera joango denik.
Antxeta Irratiak jakinarazi berri duenez, bertan behera utzi behar izan dute Irungo euskarazko eztabaida politiko ireki bakarra. Alkategaien arteko debatea antolatzeko ahalegin guztiak egin dituzte berriz ere, baina oraingoan ezinezko izan dute kazetariek.
Hilaren 16an egiteko asmoa zuten Antxeta Irratikoek. “Tamalez, Irunen, gaur egungo udalbatzan ordezkaritza politikoa duten alderdi politikoetako alkategai guztiak eztabaidagune berean batu ezin izanaren aurrean, Antxeta Irratia Irunen ospatzekoa zuen euskarazko udal hauteskundeetako debate ireki bakarra bertan behera uztera behartua ikusi da”, diote hedabidetik.
Irungo udalean ordezkaritza duten alderdi politiko gehienetako alkategaiek (Elkarrekin Podemos, EAJ, EH Bildu eta PP) gonbidapena onartu dutela diote, baina PSE-EEko alkategai Jose Antonio Santanok ez du baieztatu debatera joango denik. Eztabaidarako denen presentzia ezinbestekoa ikusi dute kazetariek eta egoera horren aurrean, mahai-ingurua bertan behera utzi dute.