Gazteartean beka eta 'Etorri avec nous' programa, martxan
Ekainaren 28ra bitarte eman daiteke izena Gazteartean bekan. 'Etorri avec nous' udalekuetan berriz, euskara eta frantsesean trebatzeko zenbait ekitaldi eskainiko dizkiete gaztetxoei.
Irungo Udalak jakinarazi berri duenez, martxan dira Gazteria saileko bi programa ezagunenetakoak. Alde batetik, Gazteartean beka eskatzeko aukera dagoela jakinarazi dute Monica Martinez ordezkari eta Eunate Encinas arduradunak. Bestetik, ‘Etorri avec nous’ programan ere izena eman daiteke.
Gazteartean bekarekin gazteria erantzunkide, kontziente eta burujabea lortu nahi dute, hori da bigarren edizio honetan ere bilatuko dutena. Horretarako, bekaren onuradunak 8.000 euroko diru laguntza jasoko du, eta zortzi hilabeteko epean egin beharko dute euren ikerketa lana. Gaurko aurkezpenean adierazi dutenez, genero ikuspegia lantzea ere sarituko dute aurtengoan. Bekaren inguruko informazio gehiago, eta izen emateak, Irungo Udalaren webgunean egin daitezke. Ekainaren 28a da izena emateko azken eguna.
Era berean, hirugarren urtez jarraian, ‘Etorri avec nous’ udalekuak ere egingo dituztela konfirmatu dute udaletik. Helburu nagusi bezala, gaztetxoak euskara eta frantses hizkuntzetan trebatzea da, eta horretarako zenbait ekitaldi egingo dituzte (abuztuaren 5-9, 19-23 eta 26-30 bitartean). Hala, Hondarribia, Hendaia edo Donostia bezalako herrietan surf edo stand up paddle bezalako kirolak praktikatuko dituzte. Informazio gehiago, udalaren webgunean edota 943 50 51 52 telefono zenbakira deituz.