Gaur Hondarribian, larunbatean Donostian
Hondarribiko pentsiodunak kalera atera dira gaur eguerdian, pentsio duinak eskatzeko. Dagoeneko ez da albistea, hamasei hilabete daramatzatelako astelehenero protesta egiten. Haien eskaerak bete arte mobilizatzen jarraituko dutela esan dute gaur Kasino Zaharrean, “gobernuan bat ala beste, pentsioak babesten” segituko dutela. Bertan egon dira 12:00etatik 12:15era, eta beste ordu laurdenez San Juan de Dios biribilgune parera eraman dituzte euren aldarriak.
Halaber, hilaren 11n Dosnostiara joateko deia luzatu dute. Adineko Elkarteen Plataformak eta Gipuzkoako Pentsiodunen Mugimenduak deituta, elkarretaratze handia egingo da larunbatean Alderdi Ederren, 18:00etan hasita. Bertara joango dira hondarribiarrak, Txingudiko Pentsiodunen Mugimenduaren zapi berdea lepoan dutela. KPIaren balioa handitzeko eta gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izatea eskatuko dute, besteak beste.