Lur azpitik jantokiko mahaira
Bidasoko ekoizleen artean banaketa sistema berri bat sortzeko bidean dira BDS Koop eraldaketa fabrikako zenbait eragile. Tokiko produktuei irteera berritzailea eman nahi diete.
Bidasoko ekoizle txikiei ate berri —eta handi— bat zabaltzera etorri da BDS KM 0 proiektu eraldatzailea. Hiritik At, Labore Txingudi eta Aldatsa Baratze Elkartearen ekimenez, tokiko elikadura suspertzeko apustu berri bat egiten ari dira. Eskualdeko ekoizleen artean banaketa sistema indartsua sortzeko bidean daude jada, horretan izan dira buru-belarri azken hilabeteotan.
Iker Eizagirre Hiritk At-eko kideak azaldu duenez, eskualdeko eta inguruko ekoizle txikien artean merkatu sendoa osatzea dute asmo. Kapitalismoak eragindako kontsumo sistemak ez bezala, garaian garaiko eta bertako produktuen aldeko apustua egitea beharrezko ikusi dute, eskualdeak eta inguruak duen potentzialtasuna ikusita. «Nahiz eta handia ez izan, hemen badago ekoizpen indartsu bat, eta askotan falta dena eskaera egituratzea da». Ekoizle horiei segurtasuna eman nahi diete egitasmoarekin. Proiektua sortzeko, Beterri KM 0ren ereduan oinarritu dira, eta Eusko Jaurlaritzaren diru laguntza ere jaso dutela azaldu dute.
Lehenengo sektorean proiektu berriak sortzera beharrean, bereziki banaketa sistemara bideratutako egitasmoa dela azaldu du. Hala, jantoki kolektiboetara eraman nahi dute euren filosofia, bereziki zaharren egoitza eta ikastetxeetara. «Poliki-poliki konpromisoak bilatzen ari gara, bertako produktuak kontsumitu ditzaten zentro horietan, eta horretarako banaketa sistema bat eraiki behar da», azaldu du Eizagirrek.
Labore Txingudiko kide Dornaku Lantzek azaldu duen bezala, proiektua sistema berritzailetik harago doa: «Zentro horietan kontsumo ohiturak aldatzeaz gain, gizartean sentsibilizazio ariketa bat egitea, mezutik praktikara eramanez». Hori izango dute helburu nagusitzat. Horretarako, ingurumenarekiko errespetua, eraginkortasuna, iraunkortasuna eta lan baldintza duinak bezalako kontzeptuek pisu handia izango dutela ziurtatu dute.
Banaketa sistema diseinatzen hasi aurretik, azterketa prozesu batean murgilduta daude egitasmoko kideak. Sarea osatu baino lehen, ekoizle bakoitzaren gaitasunak eta arazoak ongi ezagutu nahi dituzte, hurrengo pausoak zeintzuk izango diren zehazten hasteko. Ekainera bitarte, hau da, kurtsoa amaitu aurretik, elkarrizketa guztiekin hasiko direla jakinarazi dute, hurrengo urteari begira jada lehen emaitzak ikus daitezen. «Kurtso amaieran 2-3 jantokiren konpromisoa tokiko produktuak euren menuan sartzeko, hori izango litzake abendura bitarte jarriko genukeen helburua», gehitu du Eizagirrek. Halere, proiektuaren konplexutasuna ikusirik, irailetik aurrera ere elkarrizketekin jarraitzeko asmoa dute. Apustua handia den bezalaxe, bidea ere handia eta luzea izango dela badakite sortzaileek. Gogoa eta ausardia ez zaie faltako.
BDS Koop eraldaketa fabrika izan da —beste proiektu eta egitasmo asko bezala– KM 0 egitasmoaren pizgarrietako bat. Jada urte erdia eman dute bertan lanean hiriko eta eskualdeko zenbait eragilek. «Ekonomia eredu alternatibo eta postkapitalista sustatzeko ona da inguruko eragile guztiak saretzea, oso gustura gaude hemen», aitortu du Hiritik At-eko kideak. Bertan, KM 0 egitasmoko sortzaileez gain, Izarkom, Antxeta Irratia edo Ara! Gorputz bezalako eragileek txokoa dute, besteak beste. Fabrikako kideen hurrengo pausoa Olatu Koop ekonomia sozial eta eraldatzaile sarea Bidasora ekartzea izango dela aitortu dute, jada osaturik duten sare handi hori ehuntzen jarraitzeko asmoz.
Proiektua plazara
BDS KM 0 proiektua egituratzen ibili diren bitartean, zenbait hitzaldi eta tailer eskaini dituztela kontatu dute sortzaileek, orain arte egindako lana eta etorkizunari begira dituzten asmoak plazaratzeko. Proiektua gertuagotik ezagutzeko interesa dutenek, gaur bertan zita dute Irungo Urdanibia Berriko auzo elkartean. 19:00etatik aurrera, egitasmo berriaz gain, Labore eta Aldatsa proiektuen inguruan ariko dira. Informazio gehiagorako, Irungo Erromes Plazako BDS Koop eraldaketa fabrikatik pasatzeko gonbita luzatu dute.