Polizia frantsesak "kontrol arrazista eta itzulketa ilegalekin" jarraitzen duela salatu du Harrera Sareak
Mugan adin txikikoen eta turisten itzulketa kasu ilegalak dokumentatu dituzte sareko kideek.
Irungo Harrera Sareak salatu berri duenez, Frantziako poliziak “kontrol arrazistak eta itzulketa ilegalak” egiten jarraitzen du. Joan den martxoaren 22an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak emandako epaia gogoratu dute, betetzea exijituz. Epai horren arabera, ezin da itzulketa prozedura gauzatu Europa barruko muga batean. Halere, Santiago zubi inguruan horrelako kasu ugari gertatzen ari direla diote saretik.
Zenbait kasu dokumentatu dituzte sareko kideek. Horietako bat adin txikiko baten kasua da. “Duela bi aste iritsi zen Irunera eta Martindozenean bi egun igaro ondoren, Baionara iritsi zen. Han zegoenean, poliziaren kontrol batean gelditu eta dokumentazio formala ez zeukanez, komisaldegira eraman zuten”. Adin txikikoa izan arren, polizia espainiarrak adin nagusiko bezala erregistratua zuen mutikoa, hortaz, haiek Jakako kale batean utzi zutela salatu dute saretik. “Horrelako jokaerak behin eta berriro errepikatzen dituzte mugaren bi aldeetako poliziek”, diote amorruz saretik. Gainera, brasildar baten kasua ere dokumentatu dutela diote. Turista izan arren, beltza izateagatik mugan gelditu zutela diote Harrera Saretik: “argi eta ozen esan behar da kontrol arrazista izan zela eta itzulketa ilegala”.
Gertaera horien aurrean, “irmoki” salatu dute giza eskubideak eta Europako legeak urratzen ari direla.