250tik gora katu bilduko dira asteburuan Ficoban
Nazioarteko XIII. Katu Erakusketa zabalduko dute larunbatetik igandera bitarte Irungo Ficoba erakustazokan. Amobs Star klub frantziarrak antolatu du.

Nazioarteko XIII. Katu Erakusketa jasoko du asteburuan Irungo Ficoba erakustazokak, Amobs Star klub frantziarraren egitasmoz. Hilaren 6an (larunbata) zabalduko dituzte ateak, eta igandera bitarte luzatuko dute aurtengoa. Orotara, 32 arraza ezberdinetako 250 katu baino gehiago bilduko dira bertan; arraza berezietakoak, eta guztiak, pedigridunak.
Nazioarteko txapeldun, nazioarteko txapeldun handi, Europako txapeldun eta Europako txapeldun handi sariak banatuko dituzte. Gainera, aurtengo erakusketan siamesak, balitarrak, ekialdekoak, mandarinak eta Peterbald katu arrazek protagonismo berezia izango dutela diote antolatzaileek.
Aurtengo epaimahaia nazioartekoa izango da. Kide horietako batzuk dira Herbehereetako Mme Yvonne Keijn, Sylve Lamoureux kanadarra edo Claude Seignot eta Richard Maignaut frantziarra.
Erakusketa Ficobako 1. pabiloian izango da, 10:00etatik 18:00etara. Sarrera 4 euroan eros daitezke, eta 12 urte beherako haurrek ez dute sarrerarik ordaindu beharko. Gainera, bisitarientzat doako aparkalekua izango dela jakinarazi dute antolakuntzatik.