Hirugarren Turislan azokak 302 lanpostu eskainiko ditu
Datorren astelehenetik (hilak 25) asteartera bitarte luzatuko dute turismoaren inguruko azoka. 50 erakusketari baino gehiago izango dira bertan.

Datorren astelehenean (hilak 25), hirugarren Turislan azoka egingo dute. Azken bi edizioetan bezalaxe, Ficobak jasoko du, eta bi egunez luzatuko dute. Bertan, 50 erakusketarik hartuko dute parte, eta orotara, 302 lanpostu eskainiko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.
302 horietatik 155 Turislan plataforman argitaratu zituztela diote Ficobatik, eta beste 140 azokan bertan egongo diren iragarki taulan jarriko dituztela. Aurten, berritasun gisa, tailer praktikoak egiteko eremua jarriko dute, lan bila dabiltzan lagunentzat bereziki, lagungarriak diren tresnak eskuratu ditzaten. Gainera, foroa egingo dutela jakinarazi dute, ‘Kalitatezko enplegua: erronka bat Euskadiko sektore turistikoarentzat” izenburupean.
50 erakusketaritik, 14 hotelen eta ostatuen sektorekoak dira; 10 enpleguaren sektorekoak; 88 ostalaritza eta merkataritzarenak; 8 agentziak dira; 6 prestakuntzaren sektorekoak eta 4 zerbitzu osagarrien sektorekoak.
Edizio honetan inoiz baino lanpostu gehiago eskainiko dituzte. “Horrek erakusten du jada finkatuta dagoela aurten Euskadi osorako jauzia eman duen azoka hau”, adierazi du aldundiko Denis Itsaso kultura diputatuak.
Azokaren ordutegia, ondorengoa: astelehenean 9:30tatik 14:00etara eta 15:30tatik 17:30tara, eta asteartean 9:30tatik 14:00etara.