Bizkaiko Golkoan hondoratutako ontziaren fuel orbanak kostaldera ailega daitezke
Istripua euskal kostaldetik urrun samar gertatu arren, eguneko 35 kilometroko bidea egiten ari dira orbanak, ezin da ziur jakin bertara iritsiko ote diren.
Asteartean hondoratu zen Bizkaiko golkoan, Frantziako Arroxela hiritik 300 bat kilometrora Grande America merkantzia ontzia. 2.000 ibilgailutik gora eta 365 edukiontzi zeramatzan. 2.200 tona fuel olio zituen ontziak, eta hori guztia itsasoan barreiatu da. Egunean kostalderantz 35 bat kilometroko bidea egiten ari dira orbanak, hortaz, litekeena da astelehenean iristea lehenak kostaldera. Eusko Jaurlaritzak atzo azaldu zuen ezbeharra aztertzen ari dela, eta «oraingoz» ez duela aurreikusten orbanak Euskal Herriko kostara ailegatuko direnik, istripua baino askoz hegoalderako dagoelako. Baina itsasoaren aldaerek baldintzatuko dute hori.
Vost Euskadi erakundeak jakinarazi duenez —emergentzia kasuetarako boluntarioak biltzen dituen erakundea da, Internetez eta era digitalean laguntzen dute batik bat—, “baliteke” fuel olioaz kutsatuta eta zikinduta dauden animaliak kostaldera heltzea —hegaztiak, arrainak—. Herritarrek horrelakoren bat ikusten badute, 112 telefono zenbakira dei egiteko eskatu dute.
«Kaltetutako eremuan itsas hegazti ugari daude, janari bila joaten baitira bertara», azaldu du Antoine Monuier Hegalaldia elkarteko arduradunak. Hegalaldia elkartea hegazti zauritu basatiak biltzeaz eta artatzeaz arduratzen den zentro bat da; Uztaritzen dago (Lapurdi). Monuier kezkatuta dago gaiaren inguruan, uste baitu bihartik aurrera irits litekeela petrolioa kostara. Hala eta guztiz ere, adierazi du ezin dutela aurreikusi zenbat hegazti iritsiko diren Euskal Herriko kostaldera: «Ez dugu ideiarik ere. Ez gara kasu honetan kaltetuenak, istripua gertatu den tokitik nahiko hegoaldean baikaude; baina ehunka hegazti irits litezke batera». Badaezpada ere, elkarteak boluntarioen laguntza galdegin du: «200 boluntarioren laguntza eskatu dugu. Horien lana izango da hondartzetara joatea eta ikustea ea hegazti zauriturik baden. Zentroan bertan ere lagun dezakete».