Iridoy: "blokeo egoera honetatik ateratzeko osoko bilkura batera deitu behar da"
Oraindik 2019rako aurrekontuak onartu ez izana leporatu dio beste behin udal gobernuari, eta aurrekontuen osoko bilkura deitzea exijitu dio Jose Antonio Santano alkateari.
Irungo EAJ taldeko bozeramaile eta alkategai Xabier Iridoyk agerraldia egin du gaur Batzokian. Bertan, oraindik 2019rako aurrekontuak onartu ez izana leporatu dio beste behin udal gobernuari, eta aurrekontuen osoko bilkura deitzea exijitu dio Jose Antonio Santano alkateari.
Iridoyk taldearen jarrera negoziatzearen eta adostekoaren aldekoa izan dela nabarmendu du, baina alderdi sozialistak “jarrera ezkorra” izan duela. “Duela bi aste ogasun ordezkariari bilera bat eskatu genion, gure proposamenei kontraproposamena egin ziezaiola eskatuz. Baina joan den ostiralera arte isiltasuna besterik ez dugu izan”. Ostiral hartan, kontraproposamenik ez zuen bilera egiteko proposamena jaso zutela diote taldetik, eta ondorioz, alderdi sozialistari azken aukera bat eskaini ziotela. “Bi egun igaro dira eta berdin jarraitzen dugu”, dio Iridoyk.
“Blokeo egoera honetatik ateratzeko, osoko bilkura batera deitu behar da, Irunek aurrera egin dezan eta talde politiko guztien proposamenak aurkeztu eta bertan akordatu daitezen. Ez dezagun ahaztu, Santano dela udalbatza deitu dezakeen bakarra”. Erantzukizuna eskatu diote EAJtik, proiektu eta jarduera berriak aurrera ateratzeko beharrari erantzuteko.
Amaitzeko, 2019rako alkateak aurrekonturik lortuko ez balu, jeltzaleak dio agerian geratuko dela alkateak blokeo egoera hau mantentzea nahiago duela. “Beste behin alkatearen gobernu sozialistaren porrota agerian geratzen ari da, besteak beste, bere egoismoa, eta negoziaketa eta ezberdinen arteko adostasunerako ezintasuna”, adierazi du jeltzaleak.