Alemania ere dantzan jarriko dute
Europako inauteri ospetsuenetan izango dira Abiyuan txarangako musikariak. Igandean hegazkina hartu, eta astelehen eta asteartean Kolonia hiriko kaleak euren instrumentuekin girotuko dituzte.
Inauterietan, herriko jaietan, Hondarribia Arraun Elkartearen garaipenetan… Abiyuan txarangako musikariak beti prest azaldu dira urteko edozein unetan herriko kaleak alaitzeko, zaila egiten zaie instrumentuak hartzeko gonbitari ezezkorik ematea. Joan den urtean 15. urteurrena ospatu arren, aurten heldu da opari berezienetakoa taldeko musikarientzat, Alemaniatik iritsitako dei bati erantzungo baitiote etzi; igandean badoaz, Kolonia hirira hain zuzen ere, Europako inauteri ospetsuenean parte hartzera.
Jon Cerezal taldeko perkusionistak argitu duenez, Hondarribian bizi den alemaniar baten bitartez suertatu zaie hara joateko aukera. «Bizilagun honen 50. urtebetetzeen ospakizunean jo genuen, oso gustura geratu zen haren kuadrilla osoa eta berehala Koloniara joateko gonbita luzatu ziguten». Haiek ere Alemanian fanfarre modukoa dutela kontatu du Cerezalek, eta zalantzarik gabe haien aldamenean jotzeko aukera eskaini nahi izan zietela. Hasiera batean bidaia prestatzea zaila egin zitzaien, aurreragorako uztea erabaki zuten. Orain badoaz, eta poza sumatzen zaio hondarribiarrari, jada abiatzeko desioz daude.
Igandean joango dira Alemania aldera, baina ez aurretik hondarribiarrak dantzan utzi gabe. Goizean Hondarribiko inauterien desfilean joko dutela kontatu du perkusionistak, eta «berehala, korrika», hegazkina hartuko dutela. Ez dute ia tarterik izango instrumentuak gainetik kentzeko ere, baina axola ez zaiela dio, hori baita euren kuttuneko hobby-a.
Astelehenean estreinatuko dira bertan, Koloniako kaleetan barrena zehazki. Asteartean, berriz, bertara gonbidatu dituen taldearekin batera desfilatuko dutela argitu du Cerezalek, bi kultura ezberdinen arteko batura bereziaz gozatuko dute bertaratutakoek.
Orain arte talde gisa dozenaka une eder bizi arren, datozen egunotakoa berezia izango dela onartu du. «Esperientzia izugarri bat bizitzera goaz, badirudi, gainera, Europa mailan kristoren arrakasta eta oihartzuna dutela hango inauteriek, eta han Abiyuan musika jotzen ikustea sekulakoa izango da guretzat. Ilusio handiarekin goaz hara».
Nola ez, urduri daude taldeko musikariak, «harrituta» aurretik dituzten egunekin. Halere, dena prest dutela dio, Euskal Herrian zehar eskaini dituzten piezez gain, bertako klasikoa ere landu baitute. «Koloniako inauterietan jotzeko ohitura duten kanta ikasi dugu, esperientzia berri hori bizitzeko prest gaude». Orotara, herriko 16 lagun igoko dira hegazkinera.
Koloniako inauterietan parte hartzeko ohitura duten txarangekin alderatuta, Hondarribikoa txikiagoa dela zehaztu du perkusio jotzaileak. Hangoek 40dik gora partaide izan ohi dituzte, bidasoarren bikoitza baino gehiago. Hala ere, Hondarribiko musikariak barrez dio alemaniar ikusleen aurrean ez direla «oharkabean» pasako.
Aurtengoa lehena izango den arren, eta oraindik Alemania zapaldu ez duten arren, dagoeneko datozen urteei begira jarri dira taldeko kideak. Cerezalek dio datozen urteetan ere bidaia errepikatzeko asmoa dutela, Koloniako lagunak prest daudela [eta gogoz gainera] berriz ere Hondarribiko musikari kuadrillari ongi etorria egiteko.
Beste 15 urte
2003. urteko inauterietan irten ziren lehenengoz Abiyuan taldekoak kalera musika tresnak soinean zeramatzatela. Halere, aurretik eskarmentua zuen taldea zen; herriko estropadetan bi urtez kaleak girotzen ibili zirela kontatu du Cerezalek.
Garai bateko Herritarrak fanfarreari hartu zioten lekukoa orduan Abiyuaneko musikariek. Ordutik, dozenaka herri bisitatu dituzte, Euskal Herrikoak, baina baita mugetatik haragokoak ere. Gainera, pasadizo gisa, San Miguel arraun ligako edo saskibaloiko ACBko txaranga ofiziala izan zirela kontatu du hondarribiarrak, harro. Horrez gain, bi urtean behin Valentzian jotzen dutela nabarmendu du, eta besteak beste, Donostiako danborradan edota Malagan ere aritu direla.
Joan den irailean ospatu zituzten 15 urteak, asteburu osoko jaialdia egin zuten. «Azken 15 urteetako oroitzapen ederrak ditugu, bereziki iazko ospakizunenak, ez dira egunero 15 urte betetzen». Hamabost gutxi ez badira, oraindik ibilbide luzeko taldea izango dela argi du perkusionistak. «Uste dut Abiyuanen bizitza oraindik motza izan dela. Atzera begiratzean makina bat gauza egin ditugula ikusten dugu, baina oraindik gazteak gara», dio, barrez. Gainera, azken urteotan zenbait gazte taldearen kamiseta janzten hasi direla dio hondarribiarrak, etorkizuna ziurtatuta dutela. Hala, beste 15, 20 edo 30 urte betetzeko prest agertu da taldea. Hondarribiarrek eta txaranga zaleek oro har eskertuko dute.
Datorren igandetik aurrera, Abiyuan taldeko musikariek sare sozialetan bidai bereziaren gaineko informazioa eta argazki mordoa zintzilikatuko dituztela jakinarazi du hondarribiarrak. Ziur Abiyuaneko kideek ikuskizun ederra eskainiko dutela. Adi egon!