Zenbakien logika, ilusioaren kontra gaur Artalekun
Bidasoak Bartzelonaren bisita jasoko du gaur Artalekun. Kataluniako taldeari gauzak zail jartzen saiatuko dira Jacobo Cuetarak entrenatutakoak.
Asobal Ligaren historian pisu handiko partida gaur Artalekun. 18:30etik aurrera (ETB1) Bidasoak eta Bartzelonak indarrak neurtuko dituzte ligako 19. jardunaldiko partidan. Zenbakiek honakoa diote: Bartzelonak ligako partida guztiak irabazi egin ditu, batez beste 15 goleko aldearekin. Beste datu bat: Bartzelonak azken zortzi Asobal Ligak bere egin ditu. Horren aurrean zer? Bidasoak ilusio asko du, eta gainera, badu jokoa ere. Gauzak zail jartzen saiatuko dira ia garaitezina dirudien taldekoei. “Partida bukatzean harro egon gaitezen egin dugunaz”, esan zuen atzo Jacobo Cuetara bidasoarren entrenatzaileak. Hori da gakoa: egindakoaz harro bukatzea.
Bidasoa bigarren da Asobal Ligan. Etxean, Artalekun, indartsu dabil: jokatu dituen bederatzi partidetatik zortzi irabazi ditu eta bakarra galdu, BM Logroñoren kontrakoa. Bidasoa-Bartzelona partiden aurtengo aurrekariak, honakoak: Asobal Ligako joanekoan, Bartzelonan, 32-23 irabazi zion Kataluniako taldeak Bidasoari (irailaren 26an). Bestalde, Asobal Kopako finala jokatu zuten bi taldeek abenduaren 16an Lleidan, Bartzelonaren aldeko 32-23 emaitzarekin.
Blaugranen zenbakiek errespetu izugarria ematen dute. Baina Bidasoak ez du deus ere galtzeko. Artaleku bete egingo da norgehiagoka ikusteko, ilusioz egingo diote aurre irundar zaleek partidari, jokalariek bezala. “Gozatzeko eguna da. Ahalik eta partida onena eginez, baina gozatzeko eguna. Artaleku eskubaloiaren festa bat izan dadila, ligako lehenaren eta bigarrenaren arteko partidaren festa”, esan zuen atzo Cuetara entrenatzaileak.