Ricardo Requejo gogoratuko dute igandean irundarrek
Emanaldi nagusia datorren igandean (hilak 24) izango da; omenaldi kontzertua eskainiko dute Carlos Apellaniz eta Marta Zabaleta pianistek.
Gaur aurkeztu dituzte Ricardo Requejo pianista irundar ospetsua omentzeko antolatu dituzten lehen ekitaldiak. Emanaldi nagusia datorren igandean (hilak 24) izango da; omenaldi kontzertua eskainiko dute Carlos Apellaniz eta Marta Zabaleta pianistek. Denok Osasunaren Alde (ODA) Gobernuz Kanpoko Erakundeari bideratuko diote bildutako dirua.
Kontzertuaren sarrerak 10 euroan eskura daitezke, Turismo Bulegoan, Amaia Kultur Zentroko leihatiletan (saioa hasi baino ordubete lehenagotik) edota internet bidez. 19:00etan hasiko dute musika saioa.
CBA liburutegia ere pianistaren omenaldira batu da. Hala, Requejoren inguruko erakusketa berezia zabalduko dute datozen egunotan, eta maiatzera bitarte bisitatzeko aukera izango da. Gainera, ostegunerako (hilak 21) hitzaldia antolatu dute liburutegian (19:00etan). Bertan, irundarrak sortutako pieza ezagunenak entzun eta ikertuko dituzte.