Via Irun diseinatzeko prozesua luzatu nahi du Equo Berdeak taldeak
"Irundar guztien inplikazioa sustatu behar da, gai horrek bete-betean eragiten dielako, eta proiektu hori aurrera eramateko, baliabide publiko ugari behar direlako".
Azken egunotan zenbait alderdik egin duten bezalaxe, Equo Berdeak taldeak ere Via Irun proiektuaren inguruko gogoeta egin du. Taldetik diotenez, proiektuaren parte hartzeko prozesuak ez du zerikusirik herritarren parte hartzea bultzatzeko “benetako ekimen” batekin. “Irundar guztien inplikazioa sustatu behar da, gai horrek bete-betean eragiten dielako, eta proiektu hori aurrera eramateko, baliabide publiko ugari behar direlako”.
Udalak online bidez jasotako iritziak “modu nahasian” jaso dituela salatu dute, eta soilik lau informazio bilera antolatu izana leporatu diote udal gobernuari. Herritarren benetako parte hartze orokorra bermatzeko, alderdi berdeak Irungo alkatearen kabineteari gutun bat bidali berri diola jakinarazi dute, prozesuko epeak luza daitezela eta metodologia zabal dadila eskatzeko. “Bilerak auzotik auzora antolatu beharko lirateke”. Horrez gain, gai horren inguruko erabakiak datorren legegintzarako uztea proposatu dute.
Era berean, Irungo trenbide zaharkituko espazioak berreskuratzearen garrantzia nabarmendu dute, eta bertan gizarte eta ingurumen alorretan eraginkorrak izango diren proiektuak garatzekoa. “Sekulako aukera baten aurrean gaude, eraginpeko auzoak erdigunearekin konektatzeko, eta Irun Hondarribiarekin eta Europako bide berdearekin lotzeko aukeran izango baitugu”.