Dagoeneko 525 lasterkarik eman dute izena Irungo Maratoi Erdian
Bidasoa Atletiko Taldeak Irungo Maratoi Erdia antolatu du otsailaren 17an, bigarrenez jarraian. Aurten ere, maratoi erdiaz gain, 10 km proba egin daiteke.
Otsailaren 17an (igandea) egingo dute Irungo Maratoi Erdia. Iazko lehenengo edizioaren arrakasta ikusirik, Bidasoa Atletiko Taldeak bigarrenez jarraian egiteko autua egin du. Izen ematea otsailaren 16ra bitarte dago zabalik, eta dagoeneko 500dik gora lagun apuntatu dira. Gaur eman dute lasterketaren xehetasunen berri antolatzaileek, Palmera Montero Gunean.
Maratoi Erdiaz gain, aurten ere 10 kilometroko lasterketan parte hartzeko aukera izango dute korrikalariek. 10:00etan ekingo diete bi lasterketei. Antolatzaileek azaldu dutenez, Irungo erdigune osoa hartuko du lasterketa luzeenak eta aurtengoan ahalik eta desnibel txikiena bilatu dute ibilbidea definitzerakoan. Aldaketa horien ondorioz, ibilbideak zenbait modifikazio izango ditu. Irteera Zabaltza inguruan izango da, eta helmuga, San Juan plazan.
“Orain arte antolatu dugun probarik handiena du guretzat”, adierazi du BATeko zuzendari Ibon Muñozek. Eta esperientzia ahalik eta atseginena izateko asmoz, ez dute detailerik landu gabe utzi. Ibilbidean zehar musika eskainiko dute boluntarioek, eta lasterketaren ostean Ola sagardotegian bazkari berezia antolatu dute.
Sariak ere ugariak izango dira. Maratoi Erdiko proban, 250 €, 125 € eta 75 €-ko txartela jasoko dute (Leire Sport dendan erosteko) helmugara iristen diren lehen hiruek. 10 kilometroko proban berriz, 125 €, 73€ eta 50€-ko txartelak banatuko dituzte. Gainera, 23 urte azpikoen, 35 eta 49 urte artekoen eta 50 urtetik gorako onenek sari berezia jasoko dute.
BATekin jakinarazi dutenez, dagoeneko 525 lasterkari baino gehiagok eman dute izena otsailaren 17koan. Izen emateak, Kirolprobak-en webgunean edota Leire Sport dendan bertan egin daitezke. Otsailaren 11era arte, maratoi erdiaren izen emateak 24 euroko prezioa izango du (ondoren 28) eta 10 km-ko proban berriz, 14 € (ondoren, 16). Informazio gehiago, BATeko webgunean eskuragarri.