Euskadiko hiru txapelketa jokatu zituzten joan den asteburuan Donostiako Anoeta belodromoan. Bertan, Bidasoa Atletiko Taldeak ordezkaritza zabala izan zuen.
Ordezkaritza zabala izan zuen BATek Anoetako belodromoan.
Euskadiko hiru txapelketa jokatu zituzten joan den asteburuan Donostiako Anoeta belodromoan. Bertan, Bidasoa Atletiko Taldeak ordezkaritza zabala izan zuen. Emaitza onekin bueltatu dira kirolariak, taldeko bitrinak betetzeko domina mordoarekin.
Lehen urrezko domina froga konbinatuetan iritsi zen, 18 urte azpiko kategorian lehiatutako June Lizasorentzat izan da, 3.129 puntu eskuratu ostean (Estatuko txapelketan sartu ahal izateko minimoa lortu du). Irune Muguruzak bigarren sailkatzea lortu zuen (2.893 punturekin), hesien frogan emaitza ona eskuratu ostean. Gizonezkoen kategorian berriz, Iker Arozena 20 urte azpikoen Euskadiko txapeldun izan da (4.417 punturekin), eta honek ere Estatuko lehiaketarako minimoa eskuratu du. Imanol Bandresek berriz, zilarrezkoa lortu zuen 18 urte azpikoen kategorian, iazko markak nabarmenki hobetu ostean.
Iraupen lasterketetan ere emaitza onak eskuratu dituzte asteburuan eskualdeko kirolariek. Hiar Ibargurenek zilarrezko domina irabazi zuen 18 urte azpikoen kategorian, eta bi postu atzetik, Laia Orbegozo sailkatu zen. 16 urte azpikoen kategorian berriz, Laia Astudillo bosgarren iritsi zen helmugara, eta Ander Lorenzo hamahirugarren.
Master kategoriako txapelketatik ere ez da esku hutsik atera taldea. W-45 kategorian Susana Ruiz Euskadiko txapeldun izendatu zuten (800 metroko frogan) eta M.35 kategorian berriz, Jose Gomez de Arribak 3.000 metroko frogan garaile irten zen.