Otsailaren 7an, 'Kontsumoa udalerrietan: merkataritza elektronikoa eta banku zerbitzuak' titulupean egun osoko saioa egingo dute, Ficoban.
Nora Abete eta Pedro Alegre, gaurko aurkezpenean.
Kontsumobide institutuarekin elkarlanean, Irungo Udalak informazio jardunaldi bat antolatu berri du. Otsailaren 7an (osteguna), ‘Kontsumoa udalerrietan: merkataritza elektronikoa eta banku zerbitzuak’ titulupean egun osoko saioa egingo dute, Ficobako Euskal Kostaldeko Nazioarteko Azokan.
Udaleko Herritarren Parte Hartze eta Informazioaren Gizarte saileko ordezkari Pedro Alegre eta Kontsumobideko zuzendari Nora Abetek jardunaldiaren berri eman dute gaur. Bertan azaldu dutenez, helburu bikoitza izango du jardunaldiak. “Alde batetik, biltzeko gune bat sortuko da kontsumoko udal bulegoen artean, haiengan ondorioak dituzten esperientziak, prozedurak, beharrak eta ikuspuntuak partekatzeko. Bestalde, kontsumoaren inguruan interesgarriak diren gaiak erabiltzaileei hurbiltzea”, azaldu du Alegrek.
Jardunaldia kontsumo gaian eskumena duten administrazio publikoetako langileei, kontsumitzaileen, erabiltzaileen eskubideen defentsaz arduratzen diren elkarteekin lotutako pertsonei eta gaian interesa duen publiko orokorrari luzatu diete parte hartzeko deialdia.
Orotara, 50 plaza izango dira, eta interesdunek
udaleko webgunean izen ematea egin beharko dute (otsailaren 3an itxiko dute epea). Ondorengoa da, otsailaren 7rako antolatu duten egitaraua:
- 9:00: Inaugurazio ekitaldia Jose Antonio Santano alkatearekin eta Nora Abede Kontsumobideko zuzendariarekin.
- 9:15: Mugaz gaindiko kontsumoaren transakzioa ikertuko dute, hala nola, merkataritza elektronikoa, etika interneten eta erreklamazioen konponbidea.
- 10:00: Etenaldia egingo dute, kafe edota mokadutxo bat hartzeko.
- 11:00: Hipoteka maileguetan erreklamatzeko oraindik geratzen den guztia aztertuko dute, Kontsumoaren Espainiako Elkarteko zuzendari Eugenio Ribonekin.
- 12:15: Mahai ingurua egingo dute, Ainhoa Orrantia Kontsuko arloko arduradunarekin, Getxoko KIUBeko arduradun Virginia Bilbao-Goyoagarekin eta Gasteizko KIUBeko arduradun Arantxa Saenzekin.
- 13:45: Amaiera ekitaldia, Pedro Alegrerekin.