'Domingos de camara' programak aldaketa nabarmena jasango du. Pianistari aitortza gisa, orain 'Ciclo de camara Ricardo Requejo' izatera pasako da.
Kultura saileko Juncal Eizagirre, Juan Mari Ruiz, Raffaella Acella eta Leticia Vergara musikariekin.
‘Domingos de camara’ musika programak aldaketa nabarmena jasango du aurten.
Iaz zendutako Ricardo Requejori aitortza gisa, Irungo Udalak eta pianistaren gertukoek programari izen berria ematea erabaki dute. ‘Domingos de camara’ izatetik ‘Ciclo de camara Ricardo Requejo’ izatera pasako da.
Aurtengo programan pianistaren espiritua jaso nahi dute antolatzaileek. Hala, urtarrila eta maiatza bitartean zenbait kontzertu antolatu dituzte, Irun eta Hondarribiako musikariekin, ibilbide luze baten ostean, bizilagunei ikasitakoa erakusteko.
Lehen saioa datorren igandean (hilak 13) izango da. Bertan, Carlos Apellaniz, Oscar Oliver, Jaime Atristain eta Jorge Pacheco musikariez osatutako laukoteak piano eta perkusio saioa eskainiko du. Bigarrena berriz, otsailaren 10ean izango da, Jeuss Maria Castillo, Miguel Echepare, Pedro Martinez, Miguel Sansiñena eta Juan Carlos Ribelles musikarekin. Hurrengoa martxoan izango da, 10ean zehazki; Maria Rallo eta Belen Sierra igoko dira oholtzara. Apirilerako ere antolatu dute saioa, 14rako hain zuzen ere. Orduan, Ametsa abesbatzak kantatuko du, eneko Amundarainen gidaritzapean. Programa amaitzeko, Kamerata Oiassok (Julen Zelaia biolinistarekin) emanaldia eskainiko du maiatzaren 5ean.
Kontzertu guztiak Amaia Kultur Zentroan izango dira, igandetan, 19:00etan. Sarrerak 4,30 euroan eskuratzeko aukera izango da.
Omenaldi berezia
Programaz gain, Irungo Udaleko Kultura sailak omenaldi kontzertu bat antolatu du. Doa GKEren onurarako izango da saioa. Otsailaren 24an (igandea) izango da, Amaian ere. Gainera, ordurako bestelako ekitaldiak antolatzeko asmoa adierazi du udalak.