Irungo auzo elkarteetako federazioak Katea auzoko ordainsarian hobariak ezartzea eskatu zuela gogoratu du taldeak, baina EAJ, PSE eta PPren botoei esker, atzera bota zutela.
Jokin Melida, EH Bilduko bozeramailea.
Joan den maiatzean Irungo auzo elkarteetako federazioak Katea auzoko ordainsarian hobariak ezartzea eskatu zuela gogoratu du EH Bildu taldeak. Handik hilabetera, mozioari jarraipena emateko asmoz, EAJ, PSE-EE eta PPen botoei esker atzera bota zutela salatu dute.
Aldundiak hobari horiek aplikatzeko azterketa bat egingo zuela iragarri zuela diote taldetik, eta gainera, azaroaren 29an proposamen hori Batzar Nagusietako mugikortasun eta azpiegituretako batzordera eraman zutela, doakotasun azterketa bat eskatuz. Eskera horren aurrean, EAJ eta PSEk ezezkoa eman zutela salatu dute. “Irundarroi eginiko beste iruzur bat besterik ez da”.
Hala, Ap-8ak hego saihesbidearen funtzioa bete behar duela adierazi dute taldetik. “Ez al dute ulertzen errepide bat saihesbide gisa kontsideratzeko doakoa izan behar dela? Bestela, ordaindu behar izango bagenu autobide bat izaten jarraituko luke, eta hau, zalantzarik gabe, iruzur berri bat litzateke”, adierazi dute koaliziotik. Amaitzeko, irundar zein eskualdeko herritarrek bide zati hori doan izateko nahia adierazi dute. “Hau gauzatuko ez balitz, Irungo Katea eta Oinaurre bitarteko bide zati txiki horren ordainsaria ordaintzen jarraitu beharko genuke, eta hau oso injustua litzateke”.