Alarde parekideak aurrez jakinak ziren babesak izan ditu gaur, eta betiko hutsuneak. Hala ere, harro eta pozik atera dira ehunka emakume eta gizonak.
Jokin Babaze, Bidasoa konpainiako, hiriko bandera jasotzen.
Aurreko asteetan antzeman zitekeen. Eta gauzatu da. Alarde parekideak inoizko babesik handiena lortu du gaur Irungo kaleetan; espaloietan jarraitzaile asko izan dituelako alboan, eta barruan inoiz baino lagun gehiago izan dira desfilatzen, gizon eta emakume, bakoitzak aukeratu duen zereginean. Eguraldia, aparta; bero gehiegi goiz-goizetik agian.
Partaideak pozik eta harro atera dira Irungo jaietako egun handiari zentzua ematera. Hainbat alderdi politikoko eta erakundeko ordezkariak alboan izan dituzte: Emakunde, Arartekoa, Podemos-Ahal Dugu, EH Bildu (ordezkari askorekin), Ezker Anitza Bidasoa… Jokin Babaze Bidasoa konpainiako buruak jaso du aurten ere hiriaren bandera udaletxeko arkupeetan, Podemos alderdiko senatari Josetxo Arrietaren eskutik.
Gainera, udaletxeko balkoian EAJko hainbat ordezkari izan dira alarde parekidearen etorrera ikusten, tartean Eider Mendoza Batzar Nagusietako lehendakari hondarribiarra, eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko kidea.
Bestalde, ez da sorpresarik izan. Aurrez ez egotea iragarrita zutenak ez dira egon, tartean,
Irungo alkatea.
Desfile handia hasi baino lehen hunkituta zegoen jendea. Arantxa Iraola
Berria egunkariko kazetariak jaso duenez, hunkituta zen jendea hasieran. Iraia Maillo, iaz atera zen lehenengoz alardean, kantinera. Aurten, berriz, soldadu da: “Behin probatura, ezin espaloira itzuli”. Hasieratik ari da Jaione Otxoa: “Jai herrikoiak espero ditut”, esan du. Aintzindaria, Elizabeth Olaskoaga ere: “Espero dugu jende asko”.
Bi alarde izateak eragiten duen egoera ez normalarekin joan da goiza. Parekideak, behin San Juan plazan tropak bilduta, eta Inma Landa jeneralaren aginduei jarraituz, hiriari bira eman dio (aurretik konpainia bakoitza norbere auzoan izan da, Urdanibia plazako hasierara joan aurretik).
Udaletxean, parekideari harrera egin diotenek adierazpenak egin dituzte. Honakoak dira HITZAk bildu dituenak:
Julia Hernandez (Arartekoaren ordezkoa): “Jaiak berdintasunean bizi nahi dituzten emakumeak defendatzera etorri gara. Giza eskubideen defendatzaile garen heinean, bertan egon behar dugu. Azken urteetan, giroan batez ere, asko aurreratu egin da. Baina berdintasunean lan handia egin behar dugu, eta festetan emakume eta gizonen arteko errespetua landu behar da. Iñigo Lamarkarekin alardera etortzen hasi nintzenetik gauza asko aldatu da, baina nahi duguna da Irunen alarde bakar eta parekidea egotea”.
Izaskun Landaida (Emakunde): “Babes osoa adierazi nahi diogu alarde parekideari. 20. urteurren honetan aitortza egin nahi diogu, eta eskerrak eman egindako lan guztiagatik. Tradizioak garai berrietara egokitu behar dira. Horrek ez du esan nahi horien kontra joan behar denik. Gero eta jende gehiago dago parekidearen alde, gero eta gehiagok parte hartzen dute, batez ere gazteek. Etorkizuna berdintasunaren aldekoa da. Irungo alkatearen jarrera ulertezina da”.
Maria Valiente (Podemos-Ahal Dugu): “Mila esker bertaratu diren guztiei, eta batez ere 20 urtez hau posible egiten duten guztiei. Pozik nago aukera dudalako emakumea izanda nahi dudan bezala parte hartzeko alardean, Anakako konpainian. Emakumeok eskubidea dugu urteko egun guztietan kalean egoteko, eta jaietan ere. Erakundeak egiten ari direna bidegabea eta inmorala da, 20 urtean ez dute urrats bat ere egin. Gure eskubidea da alardean ere parte hartzea”.
Maddalen Iriarte (EH Bildu): “Irungo herritar guztiak zoriondu nahi ditugu lehenik, eta era berean duela 20 urtetik alarde parekidearen alde lan egin duten emakume eta gizonak. Lan asko dago egiteko oraindik. Martxoaren 8an berdintasuna eskatu genuen arlo guztietan milaka emakumek, jaietan ere. Markel Olano ahaldun nagusia eta Iñigo Urkullu lehendakaria hemen egoteko egun garrantzitsua da gaurkoa, haiek ere bultzada emango liokete berdintasun jai honi. Alkateak ere bertan egon beharko luke, eta gero, goza dezala jaiaz nahi duenarekin”.
Jarraian, HITZAren alarde parekidearen lehen irudi galeria txikia. Geroago beste batzuk publikatuko dira.