Alardean emakumeen partaidetza "tabu" bihurtu dela adierazi dute koaliziotik, eta "errealitate birtual" horretan, jaiak lasaiak ez direla.
Irungo Alarde Parekidearen hasieraren irudi bat.
Eraso sexistarik gabeko eta errespetuan oinarritutako
sanmartzialetan parte hartzeko gonbita luzatu du Irungo EH Bilduk. Ekainaren 30aren harira, bere hausnarketa propioa egin du koalizio abertzaleak.
Aurten, “bi errealitaterekin topo” egin dutela adierazi dute lehenik: udal gobernuak aldarrikatzen duen “errealitate birtuala”, eta “benetan ematen dena”.”Anomalia horren baitan, ikusten dugu alarde bat non arraza eta erlijio ezberdineko gizonezkoak ikusteko aukera baldin badago, berriz emakumeen parte hartzea tabu bihurtu den”, adierazi dute. Horregatik, jaiak lasaiak ez direla diote, eta “errealitate birtual” horretan, dibertigarriak eta giro onekoak direla nabarmentzen dutela.
“Jaiek, gizarteak berak egiten duen bezala, eboluzionatu behar dute, garai berrietara egokituz”. Eboluzio horren isla alarde parekidea da beraien aburuz, “genero berdintasunean oinarritutakoa”. Era berean, hilaren 28an LGTBI kolektiboari “merezi duen aitortza” egingo dietela gogoratu dute.