Irungo Udalari, eta Santano alkateari, datorren ekainaren 30ean alarde parekideari harrera egitea exijitu diete.
Iazko desfilearen irudia.
Irungo Ezker Anitzak “babes osoa” adierazi nahi izan dio alarde parekideari, eta udalari harrera egiteko exijitu diote, euren hitzetan, “hori baita berdintasunean parte hartzeko aukera ematen duen desfile bakarra”.
Orain dela 22 urte emakume talde batek alardean parte hartzeko nahia azaldu zuela gogoratu dute, eta ordutik, elkarbizitzaz baliatzen dela udala ekainaren 30ean harrera ez egiteko. Udaleko berdintasun sailari konponbide bat emateko eskatu diote, eta alardea berdintasunerako oztopo bezala ez ikustea exijitu diote. Ezker Anitzatik nabarmendu dutenez, alarde parekidea motibazio gisa ikusi beharko lukete udaletik, ez traba bezala. Gatazka konpontzeko pausoak ematea beharrezkoa dela adierazi dute.
Amaitzeko, irundar guztiei jaiak gozatzeko mezua helarazi diete, eta errespetua nagusi izatea espero dute Irungo Ezker Anitzatik.