Azken proba Irunen egingo dute, uztailaren 14an. Sailkapen orokorrean bigarren jarri da hondarribiarra eta podioa ia ziurtatu du.
Ion Areitio, Cartagenan (argazkia: Benito Ros)
Ion Areitio bike trial pilotu hondarribiarra hirugarren geratu zen larunbatean Cartagenako (Murtzia) Espainiako Kopako hirugarren proban. Alejandro Montalvok irabazi zuen proba, eta Pol Tarres bigarren sailkatu zen. Finalerdietan Areitio izan zen onena, batere akatsik gabeko ibilbidea eginez, baina seiko finalean ez zen hain fin ibili.
Aurreko bi probetan bosgarren (Torredembarra, Tarragona) eta bigarren (Abartzuza, Nafarroa) sailkatu zen hondarribiarra, eta sailkapen orokorrean bigarrena da orain, Abel Mustielesen atzetik eta Eloi Palauren aurretik. Aragoarrak 50 puntu ditu, Areitiok 45 eta bat gutxiago 20 urteko Viladrauko gazteak.
Proba bakarra falta da Espainiako Kopa bukatzeko. Uztailaren 14an egingo dute Areitiok oso ondo ezagutzen duen Irungo Puianako zirkuituan. Azken sailkapenari begira, podioa ia ziurtatuta du hondarribiarrak, eta txapelketa lortzeko aukerak ditu, baina horretarako Puianako proba irabazi beharko luke, eta Mustieles gehienez hirugarren sailkatzea.
Horren aurretik, baina, denboraldiko zita inportanteenetako bati aurre egin beharko dio Areitiok. Hilaren 23-24an Espainiako Txapelketa egingo dute Azuqueca de Henaresen (Guadalajara).