3.861 irundarrek babestu dute azaroaren 18ko herri galdeketa

Hartu Hitzak azken hiru hilabeteotako ibilbidea aztertu du Era berean, datorren larunbatean egingo duten Klik Egunean, azaroaren 18ko galdera aurkeztuko dute.

Hartu Hitzako kideak, gaurko agerraldian.

Irungo Hartu Hitza plataformak agerraldia egin du gaur. Bertan, azken hiru hilabeteotako ibilbidea aztertzeaz gain, emango dituzten hurrengo pausuak zehaztu dituzte. Prentsaurrekoan elkarteko lehendakari Elena Berazadi, elkarteko lehendakariorde Martxel Telletxea, elkarteko komunikazio arduradun Xabier Martinez eta elkarteko kide Irati Garmendia izan dira. Jakinarazi dutenez, 3.000 sinadura biltzea zuten xede, eta guztira, 3.861 herritarrek babestu dute galdeketa. Horietatik, %52,3 gizonezkoak izan dira eta %47,7 emakumezkoak. Sinadurak “banan-banan eta modu zuzen eta argi batean” bildu dituztela nabarmendu nahi izan dute. “Irunen estatu politikoaren inguruko herri galdeketa bat antolatzeko gure iniziatibak babes zabala du”, adierazi dute. Oso pozik azaldu dira taldeko kideak, eta eskerrak eman nahi izan dizkiete babes adierazi duten herritar guztiei. Galdera, prest Era berean, azaroaren 18ko herri galdeketan planteatuko duten galdera adostu dutela adierazi dute. Datorren larunbatean (hilak 19) egingo duten Klik Egunean aurkeztuko dute galdera, eta bertan orain arte egindako lana ospatuko dute. Larunbatean mosaiko erraldoia osatu nahi dute Zabaltza plazan, 18:00etan hasiko duten ekitaldian. Hartu Hitzatik jakinarazi dutenez, jai giroa izango da, eta irundar guztiei luzatu diete bertaratzeko deialdia.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.