Historiako zientzialari ezagun edo inportanteenen edozein zerrenda Google-n bilatuz gero, gizonezkoen presentzia erabatekoa da. Zerrenda luzea bada, orduan Marie Curie azalduko da, baina XX. mendetik atzera, deus ere ez, emakumeak desagertzen dira, zientzia egin izan ez balute bezala. Baina herenegun arratsean Hondarribiko Kultur Etxera hurbildu zirenak, beste ikuspegi batekin itzuli ziren etxera. Historian zehar zientzian aritutako emakumeak badirela ikasi zuten, eta gauza handiak egin zituztela gainera. Emeki elkarteak eta udalak antolatuta, historiako emakume zientzialariei gorazarre egin zien Mari Jose Noain Maura arkeologo eta antropologoak Emakumearen Astearen barruko Emakumeak eta zientzia goiburuko hitzaldian.
Azken bi hilabeteetan historia berraztertzen aritu dira Noain eta Emeki, Emakumea Historiaurrean eta Antzinatean hitzaldi-zikloaren bitartez. Programa bukatuta, zientziaren munduan murgiltzeko eskatu zioten Noaini, helburu berarekin: historian ezkutuan geratu diren emakumeak azaleratzea. “Nire lehen hitzaldiak ziren Hondarribian, eta lehen aldia ere Emekirekin kolaboratzen nuela. Ez genekien nola aterako zen, baina oso ondo joan zen dena, eta emakumea eta zientzia gaia lantzea eskatu zidaten, hori delako Emakumearen Asterako aukeratu duten gaia”. Noainek onartu duenez, hasieran ez zuen oso argi ikusten, ez delako zehazki bere gaia, baina segituan animatu zen: “Konturatu nintzen nik beti hartu izan dudala arkeologia zientziatzat, edo behintzat metodologia zientifikotzat”. Eta hitzaldia prestatzen hasi zen.
Aintzinatetik hasi eta XX. mendera arteko emakume zientzialarien gainean jardun zuen asteazkenean hondarribiarrak. Aurrena, ezagunak zergatik ez diren azaldu zuen: “Arlo guztietan egon dira ezkutuan, baina zientzian askoz gehiago. Beti kontatu digute emakumeen garuna ez zegoela zientziarako prestatuta, oso onak izan gaitezkeela etxearen barruan edo ama bezala, baita sormenaren barruan ere, baina ez zientzian”. Eta egon direnean, emakumeek aurkikuntzak egin dituztenean, ez ziren euren izenak azaltzen: “Badira zientzian nabarmendu diren emakume asko beren aurkikuntzak gizonen izenarekin sinatzen zituztenak, anaiaren, senarraren, aitaren izenarekin”.
Noainek lehen lerroan jarri ditu historian ezkutuan geratu diren emakume zientzialariak
Diziplina askotarikoak
Duela urte batzuk Anouk Charles eta Benoit Fries kanadiarrek Women in Science (Emakumeak Zientzian) kartak asmatu zituzten. Ohiko karta joko frantziarraren eredua jarraitzen dute, baina Francis Colliek eginiko marrazkietan 44 emakume zientzialari azaltzen dira. Luana Games argitaletxeak saltzen ditu eta irabazien %20a emakumeen proiektu zientifikoak laguntzeko da. Hitzaldira joan zirenek, karta horien fotokopia banarekin itzuli ziren etxera.
Diziplina guztietako emakumeak ageri dira kartetan irudikatuta, eta antzerako zerbait egiten saiatu zen Noain bere hitzaldian: “Izen batzuk aukeratu ditut, zeintzuk ziren eta zer egiten zuten azaltzeko. Denetarik aukeratzen saiatu naiz, mediku, astronomo, matematiko, arkeologo… Emakume pilo bat kanpoan geratu dira, ezinezkoa zen denak sartzea. Ikuspuntu orokor eta irekia izan dut aukeraketan, bai kronologikoki, bai diziplinei dagokionez”.
Antzinate garaian hasi eta XX. mendera arteko emakumeak atera zituen anonimatutik. Hitzaldian entzun zen azken izena Homo generoko lehen masailezurra aurkitu zuen Mary Leakey ingelesarena izan zen: “Arkeologo batekin bukatu nahi nuen, nire arloa hori delako, arkeologia”. Baina bere gogokoenagatik galdetuta, beste izen bat hautatu du, Alejandriako Hipatia. Zergatik? “Antzinatean mugitzen delako, nik ikertu ohi dudan garaian, eta astronomia lantzen zuelako, eta niri asko gustatu zaidalako beti”. Alejandro Amenabarrek zuzenduriko Agora filmeko protagonista da Hipatia, Rachel Weiszek interpretatzen duena: “Mediterraneoko hiri nagusienetako batean eta oso garai berezian bizi zen, IV. eta V. mendeetan, paganismoaren bukaeran, kristautasuna ja erlijio ofiziala zenean. Astronomian, matematika eta geometria ikasi zituen, ikertzailea zen, baita irakaslea ere, eta bere eskola oso garrantzitsua izan zen garai hartan. Hori nabarmentzekoa da, zientzialaria izateaz gain, hezkuntzan ere jardun zuela”.
Pelikulak direla, literatura dela, mendetan ezkutuan izan diren izenak ezagunak egiten ari zaizkigu. Panorama aldatzen ari da eta horren adibide da duela hiru urtetik Emakume Zientzialarien Eguna ospatzen dela, Unescok otsailaren 11rako izendatu zuen zientziako emakumeen lana aintzat hartzeko eguna. Emakume zientzialarien gaia modan dagoela uste du Noainek: “Hitzaldia prestatzen harrituta geratu naiz zenbat literatura ari den argitaratzen gaiarekin. Arlo honek zein garrantzi duen deskubritu dugu, eta lan piloa ari dira ateratzen”. Iraun dezala modan.
Emekiko tailerretan egindako lanen erakusketa. Puntaleko eskola zaharrean. Emekik eta udalak antolatuta. Igandeko omenaldian ere ikusteko aukera izango da.
Igandera arte
Emakume artisten erakusketa, Arma Plaza kultur guneko goiko solairuan. 10:00etatik 18:00etara; igandean goizez bakarrik. Emekik eta Udalak antolatuta.
Martxoak 10, larunbata
Figuras ocultas film luzearen proiekzioa. 19:00etan, Itsas Etxea Auditoriumean. 4 euro. Emekik eta udalak antolatuta (ikusi trailerra)
Martxoak 11, igandea
Emakumearen Asteko omenaldia. Txalapartariak, trikitilariak, bertsolariak… Emeki elkarteko lehen batzordeko kideak omenduko dituzte. Emekik eta udalak antolatuta.
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.