[Galeria] Herri galdeketari 'bai' handia Irunen

Azaroaren 18ko herri galdeketari bermea emateko sinaduren bilketak bultzada oso esanguratsua jaso du gaur goizean. 'Bai' esan diote irundarrek kontsultari.

irun.nagusia

Hainbat irundar, sinadura ematen Urdanibia plazako postuan.

Hartu Hitza Irun kalera atera da gaur. Azaroaren 18an egitekoa den Euskal Herriko estatus politikoaren gaineko herri galdeketarako sinadurak biltzen ibili dira goizean zehar hamarnaka boluntario bost gunetan. Boluntarioak hamarnaka, eta sinatzaileak, ehunka izan dira. Sinadura bilketa galdeketari bermea emateko da, irundarren nahitik sortutako iniziatiba dela berrestea, alegia. Helburutzat 3.000 jarri dituzte, hiriaren populu osoaren ia %5. Hala, gaur aurretik ia 500 ziren firma bidez baiezkoa eman ziotenak galdeketari, eta larunbat eguzkitsu honetan horiei ehunka gehiago batu zaizkie. Zenbaki ofizialen zain, gaur, bultzada eta babes handia jaso du azaroaren 18ko kontsultak. Fermin Calbeton kalean, Urdanibia plazan —gaur larunbatetako azoka zegoen—, Luis Marianon, San Juan plazan eta Zabaltzan jarri dituzte postuak Hartu Hitza Iruneko boluntarioek. HITZA horietako batzuetan egon da, eta bertan zeudenek adierazi dutenez, egoki ari ziren irundarrak erantzuten, iritzi baikorrak jaso ditu hedabide honek. Horri guztiari eransten bazaio kultur eta jai kutsua eman diotela gaurko ekinaldiari, erabakitzeko eskubidea gauzatzeko bidean egun inportantea, jendetsua eta alaia izan da gaurkoa. Honakoak HITZAk goizean zehar bildu dituen irudiak dira.
Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.