Bozeramaileen batzordean udal gobernu taldeak balizko kokalekuen gaineko analisia helarazi die gainontzeko alderdi politikoei.
Plaiaundiko egungo kirol-instalazioak.
Bozeramaileen batzordean aurkeztu du gaur udal gobernu taldeak Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko proposamenen ikerketa. Zortzi ziren hautagaiak, eta ikerketaren araberako hainbat arrazoi medio, horiek laura jaitsi dira,
garbiketa egin dute zerrendan. Beraz, egun mahaiaren gainean dauden alternatibak Urdanibia-Zubieta (Irungo lurretan), Txenperenea, San Migel-Anaka eta Beko Errota dira. Zubieta (Irun eta Hondarribiko lurrak aintzat hartzen zituena), Buena Vista, La Zapatilla-Montero eta trenbidearen eremua, beraz, zerrendatik kendu egin dituzte.
Hautagaiak baztertzeko edo aurrera joan daitezela erabakitzeko, udalak esan duenez, hainbat aldagai hartu dituzte kontuan. Hala nola hirigintza analisia egin dute, ingurumenekoa, ekonomikoa, eta epeei dagokiena. Izan ere, Plaiaundiko zonaldea libre uzteko epealdia bukatzen ari dira, ingurumen aldetik zonalde babestua denez, ezin direlako bertan kirol instalazio horiek egon.
Talde politiko guztiek jada esku artean dituzte lau alternatiba horien analisi orokorraren datuak. San Migel-Anaka eremuaren analisia sakonagoa da, EH Bilduk hala eskatu zuelako. Hala, gobernu taldearen asmoa da ahalik eta adostasun gehien batzea behin betiko kokalekuaren gainean, adostasunetik hartzea azken erabakia.
Plaiaundiko instalazioak erabiltzen dituzten kirol taldeei ere —Txingudi Rugby Club eta Bidasoa Atletismo Taldea— helarazi diete alternatiben ikerketa hori.