Gutxienez laurogei urteko ibilbidearen ostean, Irungo Atsegiña elkarteko zortzi erraldoi klasikoek, garai bateko itxura berreskuratzeko asmoarekin, erabateko aldaketa jasango dute.
Egun, zortzi erraldoiak Iruñeko Esku Artean elkarteko egoitzan daude. Berritzeko prozesuan dira dagoeneko.
Irungo Atsegiña elkarteko baserritar, alkate, beltz eta turkiar erraldoi bikoteak hiriko kultur ondarearen zati garrantzitsu dira. Askorentzat hiriko erraldoiak direnen jatorria oraindik erabat zehaztu gabe izan arren, aurten, ofizialki, laurogei urte bete dituzte Irun eta irundarrak goitik begiratzen.
Elkarteko dokumentu ofizialen arabera, 1937an eskuratu zituen erraldoiak elkarteak. Oraindik bizirik dirautenek Donostiatik iritsi zirela gogoratzen dute, eta San Miguel auzora eraman zituztela, hiriko zarzuela osatzeko asmoarekin. Orduan, Irungo Gal familiak erosi eta elkarteari eman zizkion. Orduz geroztik ehunka inauteri zein jaietan izan dira.
Erraldoiak urte luzez Irunen gorde arren, egun, Iruñeko Esku Artean enpresan daude. Gutxienez laurogei urte dituzten piezen itxura ez da garai batekoa eta orduko ezaugarrietara bueltatzeko asmoarekin, bertan, zortzi pertsonaiak zaharberritzen hasi dira.
Atsegiñako lehendakariorde Jesus Rubio Pilarteren ustez, Irungo kulturan «oso erroturik» dauden erraldoiak dira, «hiriko kultur ondare immaterialaren zati garrantzitsua». Azken laurogei urteetan zenbait berritze lan jasan dituzten arren, Rubiok zehaztu duenez, joan den urtean hasi zinen erraldoiak «zertxobait» berritzen, «baina pauso bat gehiago eman behar genuela pentsatzen hasi ginen». Aurtengo sanmartzialetan [ekainaren 28an zehazki], haizeagatik eta euriagatik, pare bat lurrera erori eta beste batzuek kalte nabarmenak jasan zituzten. Elkarteko zuzendaritza kide Eneko Calvorentzat, «aitzakia» bat izan zen sanmartzialetan gertatu zena zortzi erraldoiak erabat zaharberritzeko.
Erraldoien egoeraren aurrean, beste alde batera begiratzea «ezinezkoa» zela ondorioztatu zuten elkartekoek, eta zuzenean Iruñeko Esku Artean enpresarekin kontaktuan jarri ziren. Han, «txundituta» geratu zirela adierazi dute biek, sekulako erraldoiak izateaz gain, eskuak egurrezkoak izatea, egun, «nahiko ezohikoa» baita. Lehen itxuraz, nahiko zaharrak zirela ohartu ziren Iruñeko zaharberritzaileak. Adituek barrutik aztertu zituztenean, ordea, egoera okerragoa zela ondorioztatu zuten. Horregatik, bi aukera eman zizkieten: «Gure kabuz eskuz zaharberritzea, modu informalagoan, edota profesionalek erabat berritzea».
Gainera, handik egun gutxira, Esku Artean-etik zenbait irudi jaso zituzten, erraldoien jatorria 1895era eramango zituztenak, Bilbora zehazki. Berezko ia laurogei urteko historia ehun urtekoa izan daiteke, beraz, ustezko antzinatasuna gehiago luzatuz.
Egoera berri eta latzarekin, zalantza guztiak argitu eta «proiektu integral» bezala ekin zioten lanari. «Zortzi erraldoiak berreskuragarriak zirela ohartu ginen, eta Irungo kultur ondare garrantzitsua izanik, eta ardura historikoa genuela ikusirik, ez genuen zalantzarik izan», aitortu dute Atsegiñako ordezkariek. Elkarteari proposatutako bi aukeren artean, erabat zaharberritzekoa onetsi zuten, eta joan den astetik ari dira Iruñean zeregin horretan.
Denen artean berritu
Zaharberritze proiekturako, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Irungo Udalaren laguntza eta babesa jasoko dute. Gordailua zentroko zuzendariarekin kolaborazio lerro batzuk ere ireki dituztela onartu dute Atsegiñatik. Horrez gain, bestelako diru iturriak bilatu dituzte. «Herriaren ondare bat izanik, herriak berak babesten duena, herriari laguntza eskatzeko aukera ikusi genuen», zehaztu du Calvok. Horregatik crowdfunding berezia prestatu dute.
Pasaiako Albaolan San Juan baleontziarekin jorratu duten proiektu berbera Irunera eraman dute. Diru kantitate zehatz baten truke, —ontziarekin bezala— erraldoien zati baten zaharberritzea babestuko dute herritarrek. Erraldoien zati bakoitzari prezio zehatza ipini diote, edonork aukera izan dezan pieza baten berritze laneko zati sentitzeko, eta finean, erraldoien zati izateko. Gainera, babestutako zati bakoitzean, dirua eman duen norbanako edo elkartearen izena jarriko dute, oroigarria jasotzeaz gain.
Guztira, gutxi gorabehera, berrogeita hiru zati ezberdinetan banatu dute erraldoi bakoitza, eta zatiak zaharberritzeko prezio zehatz bat erabaki dute. Calvo: «Pieza txikienek 30 euroko prezioa dute eta handienek 400 ingurukoa». Belarritakoak, soinak, ileordeak… Dagoeneko zati guztietan laguntzeko aukera dute irundar guztiek. Kolaborazio prozesuan, Irungo edozein norbanako, kuadrilla, elkarte, enpresa edota eragile erraldoien «aita eta amabitxi» izatera animatu die elkarteak. Horretarako, asteartero, 19:00etatik 20:00etara elkartera gerturatu, edota irungoerraldoiak@irungoatsegina.org helbidera idatzi beharko dute interesdunek. Laguntza emateko prozesua ireki eta 24 ordura, jada behar denaren %2 baino gehiago jaso dutela nabarmendu dute elkartetik.
Zortzi erraldoien itxura fisikoa zaharberritzeaz gain, barrutik ere erabat aldatuko dituzte. Tresneria guztia goitik behera aldatu eta erabiltzeko metodologia erabat berrituko dute. Horrela, beste modu batera garraiatzeaz gain, erraldoien barruan benetako dantzariak sartu nahi dituzte, garai bateko ikuskizuna berreskuratzeko asmoarekin.
2018ko sanmartzialetarako zortzi erraldoiak prest egotea «ezinezkoa» dela badakite. Hala ere, lau bikoteetatik bik Irungo jaietara iristeko aukera izango dutela uste dute. Gainera, behin berritzeko prozesua amaitu dutela, maizago atera nahi dituzte. 2022an mende bat beteko du elkarteak. Urteurrena behar bezala ospatuko dute, zortzi erraldoi zahar-berrirekin.
Calvo, Irungo Atsegiña elkartean.
Eneko Calvo Etxarte: «Bilbokoak direnik ezin dugu esan, baina bai berdinak direla»
Irungo Atsegiñako zuzendaritzako kide eta erraldoien maitalea buru-belarri dabil piezen zaharberritze prozesuan. Azterketek diotenez, Irungo erraldoiek Bilbon izan dezakete jatorria, 1895ean zehazki.
Nondik dator erraldoiekin desfilatzeko ohitura zaharra?
Ni ez naiz oso aditua, baina Iruñeko Esku Artean elkartekoek dioten bezala, elizarekin eta Aste Santuarekin lotzen zituzten erraldoien prozesioak. Erdi Aroko erlijio ofizioetan pertsonai batzuk erabiltzen ziren antzerki gisako batzuetarako. Orduan, jendeak ez zekien irakurtzen, eta historiako pasarteak kontatzeko antzerkia erabiltzen zuten. XVI-XVII. mendeetan, mundua zabaltzen hasten denean, kontinenteak irudikatzeko ohitura zegoen. Ez hemen bakarrik, Nafarroan, Katalunian eta Valentzian ere Asiako edo Afrikako pertsonaiak sortzeko ohitura handia dago.
Frankismo garaian erraldoiak ez ziren hainbeste erabiltzen, baina azken aldian asko indartzen ari dira, pertsonai berriak sortzen hasi dira, eta herri bakoitzaren historiarekin eta pertsonaiekin lotzen dira.
Azken aldian, erraldoien mundua indartzen ari da. Ni orain dela gutxi hasi naiz mundu hau deskubritzen. Erraldoien atzean mundu indartsua dagoela ohartu naiz.
Elkarteko zortzi erraldoien jatorria oraindik ez da zehazki ezagutzen, ez dakizue ziurtasunez nondik datozen. Zer diote azken ikerketek?
Ez, ez dugu oso argi. Esku Artean enpresara eraman genituenean dei ugari jaso genituen, 1895 urteko zenbait irudirekin. Argazki horietan Bilboko udaletxe parean gure zortzi erraldoiak azaltzen dira, berdin-berdinak. Elkartekoek esan zigutenez, aurpegian baino eskuetan jarri behar genuen arreta. Eskuak egurrezkoak dira, eta horien kopiak ez direla izaten. Argazki horietakoak, gureekin alderatuta, berdinak direla ohartu ginen. Txundituta geratu ginen. Berdin-berdinak dira, ez dugu zalantzarik. Pertsonaiak ere berberak dira. Ez da normalena horrelako zerbait gertatzea. Zehazki guk dauzkagunak fisikoki horiek direla nik ez nuke momentu honetan esango, baina berdinak direla bai, ziur. Auskalo zer gertatu den bidean…. Horrek nire ustez ikerketa sakon eta profesional bat beharko luke.
Zer eman diote erraldoiek azken 80 urteotan Iruni?
Ez dut hiriaren ikur direla esan nahi, baina zati garrantzitsua dira, beti hor egon dira. Adinekoak elkartera etortzen direnean denek betidanik ezagutzen dituztela kontatzen dute, historia guztia ezagutzen dute. Irundar guztien bizitzan egon dira, irundarrik zaharrenak direla esan daiteke. Gure historiaren lekuko moduan uler daitezke erraldoiak. Ikusita nola zeuden, eta gure ardura onartuz, momentua da horiei beren distira bueltatzeko. Haurren eta helduen miresmena sortu dute, Irungo jendeari asko gustatzen zaizkio erraldoiak.
Zer irudikatzen du erraldoi bikote bakoitzak?
Lehen esan bezala, kontinente ezberdinak irudikatzen dituzte, hainbat teoriaren arabera. Alkatea eta Alkatesa pertsonaiekin hiria eta hiriko landa eremua islatzen dira; beste laurek Afrika eta Asia ingurua irudikatzen dute. Garai bateko errealitate ezberdinak ikus daitezke erraldoietan. Hiri eta landa munduak XIX. mendean talka nabaria izan zuen industrializazioaren eraginez, eta horrekin hiritartasuna eta landa inguruko jendartea irudikatzen dira.
Gero, turkiarrak eta afrikarrak azaltzea kanpoan dagoen mundu exotiko horren irudikapena izan daiteke. Afrika beltza eta Asia bi mundu exotiko izan zitezkeen bere garaian, gutxi ezagutzen baitziren. Hori bai, esandakoa, nire teoria propioak dira horiek guztia, nire iritzia.