Orotara gazteentzat 39 apartamentu egitea da asmoa. Gainera, San Migel auzorako gizarte zentro berria egingo lukete bertan.
Eraikinaren etorkizuneko itxuraren muntaia.
Irungo Udaleko Hirigintza eta Etxebizitza ordezkari Xabier Iridoyk gaur jakinarazi du San Migel auzoko
Emigrazio eraikina izenekoan gazteentzako gizarte alokairuzko apartamentuak prestatuko dituztela. Egun, eraikinaren zatirik handienak ez du erabilerarik, eta erabiltzen dena (%16a), Lanbidek eta SEPEk (Espainiako Estatuko Lan Zerbitzua) baliatzen jarraituko dute.
Espainiako Estatuarena da egun eraikin hori. Irungo Udalari emango dio aurki. Udalak eraikin osoaren %83 jasoko du: 2. 3. eta 4. solairu oso-osoak, sotoa, eta lehen solairuaren zati handi bat. Hala, Iridoyk eraikinak honako banaketa izango lukeela zehaztu du:
- 41 metro koadroko eta logela bateko 22 apartamentu.
- 48-52 metroko koadro arteko eta bi logelako 11 apartamentu.
- 27-30 metro koadro arteko 6 estudio (horietako bi mugikortasun arazoak dituztenentzat izango dira).
- Bestelako espazioak: bizikletak uzteko gunea, lehen solairuan gela komunitarioa, trastelekuak (beheko solairuan).
Horrez gain, Iridoyk adierazi du San Migel auzorako beste gizarte zentro bat egingo luketela bertan, 577 metroko koadroko azalerakoa (beheko solairuan, Bartolome Urdinso eta Anaka kaleetatik izango luke sarbidea.
Hori guztia egiteko inbertsioa lau milioi eurokoa izango litzatekeela azaldu du udal ordezkariak.