Azken astean, 250 ikasle baino gehiagok hartu dute udalak eta Zabalik proiektuak antolatutako mintzodromoetan. Balorazio "oso positiboa" egin dute antolatzaileek.
Gaurko saioan, Hirubide, Toki Alai eta Eguzkitza ikastetxeetako DBH 3 eta 4. mailako ikasleek hartu dute parte.
Irungo Udalak eta Zabalik proiektuak, mintzodromo saio ezberdinak antolatu dituzte azken astean, hiriko gaztetxoen artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Oraingoan, aisialdia eta kirola abiapuntu izanik, euskararen erabileraz aritu dira. Gaur, Hirubide, Eguzkitza eta Toki Alai ikastetxeetako DBH 3 eta 4. mailako ikasleak Mendibil zentro komertzialean elkartu dira. Asteazkenean berriz, San Vicente de Paul eta Toki Alai ikastetxeetako (beste ikasle talde bat) ikasleen txanda izan zen.
Guztira, bi mintzodromotan, 250 lagun inguru elkartu direla onartu du Zabalik proiektuko Nerea Elosegik. Zabalik nerabeen bozgorailu izateko asmoarekin sortutako proiektua da, gaztetxoek dituzten erronken ingurua aritzeko, nerabeak eragile aktibo bilakatzeko. Bi saiotan, Irungo ikasleen aisialdi eta kirol orduetan zein hizkuntza erabiltzen duten ikertu dute, eta gehiengo handi batek gaztelania erabiltzen duela ondorioztatu dute. Zergatia ikertzerakoan, aurreko belaunaldien ohitura berberak hartu dituztela onartu dute ikasleek.
Erabilera eskas horren aurrean, ikasleek zenbait proposamen bota dituzte. Besteak beste, euskarazko kontzertuak larunbatero egitea, B1 titulua dutenek prezio berezia jasotzea kiroldegietan edota euskarazko futbol txapelketak egitea (euskararen erabilera sarituz) proposatu dute. Guztira, ordu eta erdiz aritu dira, eta antolatzaileek balorazio “oso positiboa” egin dute, gaztetxoek ideiak bota dituztela eta erabat prest azaldu direla.
Mintzodromo saioak amaituta, orain, Zabalik proiektukoek memoria aurkeztuko diote udalari, eta proposamenen artean aurrera eramango dutena aukeratuko dute.